Badira hamar urte Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak euskararen alde lanean dihardutela, hirian euskara eta euskal kultura sustatu nahian. "Bilboko Udalaren ildo estrategikoak dira euskara jagotea, haren erabilera soziala bultzatzea, euskal literatura sustatzea eta gizarteratzea, eta euskararen transmisioa ziurtatzea", gogoratu du gaur Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. Hain zuzen, helburu horiek guztiak jaso dira gaur berretsi den hitzarmenean.
Aurten ere, erakunde bien arteko lana berresteko, hitzarmena izenpetu dute Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak, besteak beste, "euskararen erabilera soziala eta euskal kulturaren transmisioa sustatzen eta indartzen jarraitzeko eta hizkuntzaren kalitatea zaintzeko". Udalak 35.500 euroko diru-laguntza emango dio Akademiari 2019rako.
Hartara, erakunde biek luzatu egin dute 2008az geroztik indarrean dagoen hitzarmena, Bilbon kultur zabalkundeko jarduerak egiteko eta euskarazko ikastaroak eta euskararen aldeko hitzaldiak eta erakusketak antolatzeko. Era berean, Bilborekin eta euskararekin lotutako lanak edo biografiak argitaratuko dira; aurten, Xabier Kintana euskaltzaindiaren idazkariaren biografia argitaratuko da.
Konpromiso hauek biltzen ditu gaur sinatutako hitzarmenak:
- Euskaltzaindiak Bilboko Udalari laguntza eta aholkua emango dizkio, euskararen normalizazioan eta garapenean, bai hizkuntza berari dagokionez, bai eta hizkuntza gizarteratzeko lanetan ere.
- Bilbok euskararekin izan duen lotura estua eta denboraren joanean bilbotarrek euskarari erakutsi dioten atxikimendua herritarren artean zabaltzeko asmoz, Bilborekin lotura izan duten pertsona esanguratsuen lanak eta bibliografiak argitaratuko ditu Euskaltzaindiak.
- Udazkenean berriro egingo da “Astelehen Buruzuria” zikloa, formatu akustikoan egiten den hitzaldien, jardueren eta musika-errezitaldien zikloa.
- Euskaltzaindiak hizkuntzaren arloko aholkularitza eskainiko die Udaleko sailei, bilbotarrei informazio egokia emate aldera.
- Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Barriko 15ean duen egoitzako zerbitzuak eta azpiegiturak eskainiko ditu kultur hedapenerako ekintzak, ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak, liburuen aurkezpenak, kultura-ekintzei buruzko prentsa-aurrekoak eta bestelako ekimenak burutzeko, herri-erakunde eta elkarteekin elkarlanean.
Hitzarmen hau euskara sustatzeko Udalak duen ekintza-planaren barruan sartzen da eta hiru helburu estrategiko hartzen ditu bere gain: euskararen transmisioa, erabilera soziala eta hizkuntzaren kalitatea. Azken helburu honetan funtsezko eginkizuna du Euskaltzaindiak, hizkuntzaren normalizaziorako beharrezkoa den estandarizazioa zaintzeko eta euskarak arlo guztietan bizirik iraun dezan.