Bizitzako joan-etorriez gain, zaletasunen eta kontu gogokoenen berri ere utzi digu Alanek bere webgunean: “Hizkuntzak ditut zaletasun nagusia. Hizkuntzak ikastea atsegin dut, eta jakin badakizkit haietako zenbait, baina ez zait gustatzen zerrendarik ematea. Hizkuntzei lotutako hainbat arlo interesatzen zaizkit, hala nola hizkuntzalaritza (nola “funtzionatzen” duten aztertzea, alegia), gramatika (haien deskribapena jorratzea) eta hizkuntzalaritza aplikatua delakoa (hizkuntzak nola irakats). Aipatu alorretan lan ezberdinei ekin diet: gehiegi llabur-llabur esateko hemen. Modu berezian atentzioa deitzen didate euskara bezalako hizkuntza “txiki” edo minorizatu direlakoek, eta ondorioz, hizkuntzen berreskurapenaren arloak baita ere”.
Ez da harritzekoa, beraz, 1970eko hamarkadan hasi izana euskaraz ikasten, Euskal Herrira etorri zenean. Eta, zaletasun horrek eramanik, 1985ean Gramatika batzordeko kide egitea. Londresko Unibertsitatean irakurri zuen doktore-tesia Communicative Grammar of the Basque Verb (Selected Aspects). izenekoa. Euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak 2003ko urtarrilaren 31n. Baina, ekarpen nagusia gramatikaren alorrekoa izan arren, Alan Kingek beste zenbait erakunderekin ere lan egin du, guztientzat izan du zer eskainia: IVAPekin, Ikastolen Federazioarekin, Hezkuntza Sailarekin… Euskal Gramatika. Lehen Urratsak gramatikako liburukietan parte hartzeaz gain, The Basque Language: A Practical Introduction argitaratu zuen Renoko Unibertsitatean 1994an eta handik bi urtera, Colloquial Basque Begotxu Olaizolarekin batera, hizkuntzalaritzaren munduan prestigio handikoa den Routledge argitaletxean.
Berak aitortu bezala hizkuntza gutxituak, oro har, ziren bere jakin-mineko. Horregatik 2002 eta 2005en arteko Salvadorreko egonaldian nawat (adinean aurrera doazen hiztun gutxi batzuk baino ez dira geratzen) eta lenca hizkuntzetara ere hurbildu zen eta 2004an Gramática elemental del náhuat eta Timumachtikan! Curso de lengua náhuat para principiantes adultos argitaratu zituen.
Eta Alan Kingek landutako hirugarren arloa, hizkuntzen berreskurapen eta biziberritzearena. Kezka eta lan horren emaitza dira “Language Recovery Paradigms” artikulua, The Oxford Handbook of Endangered Languages liburuan argitaratua, edo El náhuat y su recuperación artikulua.
Asko dugu Alani eskertzeko guk guztiok, baina nahiago dut haren oroimenezko lerro hauek berriro ere bere hitzekin amaitzea: “urte guzti hauetan zehar euskararen berreskurapen prozesuan nolabait parte hartzen ari izan naizela esan daiteke (eta harro esaten dut!). Baina egia izan arren era apal eta xume batean euskarari laguntzen ahalegindu naizela neure bizitzan, ez nuke gutxiago azpimarratuko euskalgile eta euskaldunekin izan ditudan harreman luzeak neuri opatu dizkidan ikasgai oparoen jasotzaile izan naizela ni”. Gu ere, Alan, zure ikasgai oparoen jasotzaile izan gara, eta, batez ere, zure adiskidetasunaren hartzaile. Adiskidetasun horren, elkarrekin igarotako orduen oroipena izango dugu lagun hemendik aurrera ezagutu zaitugunok.