Hizkuntzekin benetan arduratua eta konprometitua agertu izan zaigu beti Alan, zabalkunde handikoekin (ingelesarekin, frantsesarekin, espainolarekin…), baina batez ere hiztun kopuru mugatuagoa duten beste batzuekin, euskararekin esaterako. Gramatikaz eta hizkuntzen bizitzaz arduratua eta konprometitua.
Hala ere, azken egunotan iritsitako berri ilunekin hitzik gabe gelditu nintzen. Hala segitzen dut oraindik. Asko espero genuen oraindik harengandik. Ordea, gehiago ezin segi mutu eta horregatik, “mila esker, Alan, azken berrogei urte hauetan eman dizkiguan irakaspen aberatsengatik. Gramatika batzordean jende askok gauza bera esango dik: hi bai, mutila hi! Hire jakituria handia argiro eta apaltasunez eskaini diguk. Eta gure euskara heurea ere bazela frogatzeko gai izan haiz, egintzekin frogatu ere: lan bikaina utzi diguk, idatziz eta hitzez. Hik irakatsiaren erdia geureganatuko bagenu, ez huke gutxi izango. Euskara ez zagok salbu. Egia, baina hi bezalako euskaldunak munduan bizi direino, euskara biziko duk. Hire hitzak hor segitzen dik oraingo eta geroko euskaldunen itsasargi gisa. Hatsean cen Hitza eta Hitza cen Iaincoa baithan, eta Iainco cen Hitza (Ioan 1, 1). Hitzak emango ahal dik bere babesa.”