Asteon pausatu da Jon Lopategi. Ez dakit ziur azalaren koloreak ala kopetak erantsi zion ezizena. Beltzak biak zituen ilun samarrak. Lana ere beltz egin zuen ordea, eta bilakaera aipagarriak izan zituen hizkerari zein estiloari dagokionez. Tolosako eskolapioetan ikasi izanak lagundu zion garai hartako bertsogintzan nagusi zen gipuzkera batua bereganatzen. Amuritzaren igurtziak baturantz eraman zuen ondoren, eta aurrez ikasle izandakoen ferekak bizkaierarantz. Molde denetan izan zen maisu, baita bakoitzari zegokion eremua bereizten ere.
Txapelketei asko eman zien. Plazetan ibiltzeko horren beharrik izan gabe, hoberenen artean lekua hartua zutela, Lazkanok eta biek jada berrabiarazitako trenera igotzea erabaki zuten. Jonek txapela irabazi zuen 1989an. Helburu hori lortzeko gehiegi indar-hustu zelako susmoa dut, zentzu askotan, txapelarekin irabazi baino gehiago galdu zuelakoa.
Bertsolari handia zen Lopategi, handienetakoa. Eboluzionatzen eta garai guztietara egokitzen jakin zuen, eta denetan nabarmendu. Bere dohainen argitan oroituko dugu Beltza."
Xabier Euzkitze
(Kazetaria eta euskaltzain urgazlea)