Euskaltzaindiak etengabe osatzen eta berrikusten du Hiztegia, eta 2017tik urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2018an ere horretan aritu da eta abendura artekoak jaso berri ditu webgunean.
Azken sei hilabeteotan, 466 sarrera eta 392 azpisarrera berri arautu ditu Euskaltzaindiak; alegia, 858 forma berri. Horiekin batera, beste 462 sarrera moldatu ditu. Egun, beraz, 38.878 sarrera eta 7.302 azpisarrera (hau da, 46.180 forma), eta 63.507 adiera ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak (www.euskaltzaindia.eus).
Kopuruak
2016ko urrian jarri zen Hiztegia sarean eta 2017aren bukaeran egin zen lehen eguneratzea. Tarte horretan, lehendik bildutako formak berrikusi zituen Euskaltzaindiak nagusiki.
2018. urtean, aldiz, lehendik jasotakoak berrikusi, osatu (adierak gehituz neurri handi batean) eta, kasu bakanen batean zuzentzeaz gain, forma berriak hiztegiratu ditu, bai sarrerak, bai azpisarrerak. Honela, urte osoan 983 sarrera eta 557 azpisarrera gehitu ditu (hau da, 1.540 forma berri) eta 843 sarrera zein azpisarrera moldatu.
Forma berriak
1. Gaurko corpusetan erabilera-maiztasun handikoak:
- sarrerak: autogestionatu, inpunitate, kebab, ludopatia, mediateka, mintzalagun, nanoeskala, taliban, trekking, wifi, ziklogenesi...
- azpisarrerak: lan(-)baldintza, nahi gabeko ondorio, segurtasun(-)uhal, sexu(-)jazarpen, zergak arindu...
2. Euskaltzaindiaren beste arau batzuetatik jasotako lexiko orokorrari dagozkion formak (etniak eta): erromani, eskimal, guantxe, navajo, rapanui, rohingya, tuareg, uigur...
3. Hainbat sarreratan definizioak moldatu edo osatu dira (direktiba, eguzkia hartu, unibertsal...), adierak gehitu dira (desgaitu, odolkiak ordainetan, zaintza...), adibideak gehitu edo moldatu (immunoeskasia...), loturak gehitu (iskintxo egin, jomuga...), marka osagarriren bat gehitu (aldarazi, onddo...), etab.
4. Sarrerako buruaren forma aldatu da bost kasutan. Adibidez: dirulaguntza (lehen diru(-)laguntza gisa ageri zena lotuta ematea erabaki du Euskaltzaindiak Administrazioko erabilera kontuan hartuta), eukarioto eta prokarioto ere moldatu ditu (lehen eukariota eta prokariota zirenak), komunitate zientifikoak hala darabiltzala kontuan hartuta.
38.878 sarrera, 7.302 azpisarrera eta 63.507 adiera
Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak egitasmoari 2006an eman zitzaion hasiera, Hiztegi Batuaren 2000. urteko argitalpenean oinarriturik. Horrek 2012an paperean argitaratu zen Euskaltzaindiaren Hiztegia eman zuen. Ondoren, Hiztegi Batuaren bigarren itzuliko formen artikuluak landu ziren eta lehen argitaraldiko hainbat sarrera eta azpisarrera berrikusi eta osatu ziren.
Euskaltzaindiaren Hiztegia 2016ko urrian sareratu zen lehenengo aldiz. Ondotik, beste hitz asko osatu eta zuzendu dira. Egun, bertsio elektronikoan 38.878 sarrera eta 7.302 azpisarrera (hau da, 46.180 forma), eta 63.507 adiera daude guztira.
Euskaltzaindiaren Hiztegia hiztegi arauemailea da, 1991n hasi, eta etengabe, adieraz, adibidez eta azpisarreraz hornitzen dena. Tradizioan eta egungo corpusetan oinarriturik, hitz bakoitzari dagozkion adibide argigarriak eskaintzen dizkio erabiltzaileari. Gainera, formak arautzeko baliatu diren datu eta argibideetara, Hiztegi Batu Oinarridunera, eta adibideen iturri izan diren Orotariko Euskal Hiztegira, XX. mendeko euskararen corpus estatistikora eta Lexikoaren Behatokira zuzenean jotzeko bidea ere ematen dio.