Euskaltzaindiak aspaldi abiatutako egitasmoak 65.274.015 testu-hitz ditu jada, eta corpus hori guztia erraz kontsulta dezake erabiltzaileak, HEMEN. Bilaketa-sistema berria dauka Lexikoaren Behatokiak -grafikoen bidez egin baitaiteke- eta laguntza-orri garden eta osatuagoa. "Gaur egun, hizkuntza bati buruzko ikerketak hizkuntza horren erabileran oinarritzen dira. Erabilera ezagutzeko, hizkuntza horretan idatzitako testu masa handiak biltzen dira —corpusak— eta dauzkaten hitzak, esapideak eta abar haiek dituzten ezaugarri linguistikoez markatzen dira. Lexikoaren Behatokia gaur egungo euskara nolakoa den eta nola aldatzen ari den ezagutzea ahalbidetuko digun corpusa da", adierazi du Andoni Sagarna egitasmoko zuzendariak.
Elkarlanaren emaitza
Lexikoaren Behatokia egitasmoa Elhuyar, EHUko IXA taldea eta UZEIrekin garatzen ari da Euskaltzaindia eta ikerketarako testu-corpus etiketatu eta linguistikoki anotatu bat prestatzea du helburu. Euskaltzaindiak prosa arruntezko corpusa prestatu nahi du egitasmo honen bidez, bai lexikoaren erabileraren azterketak egiteko, bai eta lexikoari dagozkion arauak eta gomendioak dokumentatzeko ere. Corpus hori osatzeko hainbat hornitzaile aurreikusi dira: hedabideak bereziki, eta horien artean, besteak beste, interes orokorreko komunikabideak.