Gaur, Bilbon egin da Estatuko Administrazio Orokorreko Hizkuntza Ofizialen 5. Kontseilua. Estatuko Lurralde Politika eta Funtzio Publikoaren Ministerioak eginiko deiari erantzunez, bertan izan da Andres Urrutia euskaltzainburua, Euskaltzaindiaren ordezkari. Kontseiluaren aurrean, 1978an Espainiako konstituzioan jasotako agintza edo arauak gogoratu ditu Andres Urrutiak: "Espainiako nazioak, justizia, askatasuna eta segurtasuna ezarri, eta hura osatzen duten guztien ontasuna bultzatu nahi du, eta, bere subiranotasuna erabiliz, hurrengo borondatea aldarrikatu du: [...] Espainiar guztiak eta Espainiako herri guztiak babestea giza eskubideen egikaritzan, baita beraien kultura eta tradizioak, hizkuntzak eta erakundeak ere" (Hitzaurrea); 3.3 artikulua: “Espainiako hizkuntza-moten aberastasuna kultur ondarea da, eta ondare horrek begirune eta babes berezia izango du”; 20.3 artikulua: “Legeak arautuko ditu estatuaren nahiz bestelako erakunde publikoen menpeko gizarte-komunikabideen antolakuntza eta parlamentu-kontrola, eta adierazgarri diren gizarte-talde eta talde politikoei bermatuko die haietan parte hartzea, Espainiako gizarte-aniztasuna eta hizkuntzak errespetatuz”.
Espainiako Konstituzioa indarrean hasi zenetik 40 urte bete direlarik, Euskadiko Autonomia Estatutua indarrean hasi zenetik 39 urte bete direlarik –autonomia estatutuak lehen aldiz aitortu zuen euskararen ofizialtasuna, Agirre lehendakariak buru zuen Eusko Jaurlaritzak II. Errepublikaren barruko aldi labur batean egindako aldarrikapena aintzat hartu barik–; Euskararen Erabilera Arautzeko Lege Organikoa Euskadin aldarrikatu zenetik 36 urte bete direlarik; eta Espainiako Erresumak Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Karta berretsi zuenetik 16 urte bete direlarik, euskaltzainburuak gogorarazi du “oraindik ere estatuko erakundeek bide luzea egin behar dutela” hizkuntza gutxituen defentsan.
Euskaltzaindiaren iritziz, 1978 konstituzioaren manuak eta Eskualdeetako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartan jasotako nazioarteko konpromisoak (Espainiak aspaldi berretsi zituenak), hizkuntza propioak dituzten komunitateen esku geratu dira, Estatuaren beraren ardura alboratuta. Gaurko kontseiluan, Urrutiak azpimaratu du katalana, okzitaniera, galegoa edo euskara bezalako hizkuntzen erabilera eta ezagutza bultzatu eta sustatzeko orduan, Espainiako estatuak notario edo begirale papera hartu duela. Ildo horretan, hizkuntza aniztasunaren aldeko prestutasun eta inplikazio handiagoa eskatu die Espainiar estatuko erakunde guztiei; azken batean, nazioarteko konpromisoak betetzeko eskatu die.
Plangintza linguistikoak eta hizkuntza politikak modu bateratuan egiteko eskatu dio Espainiako gobernuari Akademiak, eta, era berean, elkarlanean sakontzeko eta hitzarmen konkretuak bideratzeko konpromisoa azaldu du. “Euskarari dagozkionetan gu gara solaskide ofiziala, Euskaltzaindiak ezagutza ofizial osoa baitu Espainian Errege Akademia gisa (1976), eta Frantziako Errepublikan Herri Onurako erakunde gisa (1995)”, gaineratu du Urrutiak.
Eskualdeetako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Karta
Europako Kontseiluak Estrasburgon –Frantzia– sinatu zuen Eskualdeetako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Karta, 1992ko azaroaren 5ean. Hizkuntza gutxituak –ofizialak izan ala ez– babesteko izenpetu zen gutun hori, oraindik ere, Europan, 40 bat hizkuntza desagertzeko arriskuan baitaude.
Euskaltzaindiaren egoitzara bisita
Estatuko Administrazio Orokorreko Hizkuntza Ofizialen 5. Kontseiluko kideak Euskaltzaindiaren egoitza bisitatu dute eguerdi partean. Bertan, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin, Xabier Kintana idazkariarekin eta Erramun Osa idazkariordearekin hitz egin dute. Plaza Barriko eraikuntza ezagutu ostean, Andres Urrutiak Gabriel Arestiren 'Harri eta Herri'-ren edizio berezi bat oparitu dio José Ignacio Sánchez Amor Espainiako Lurralde Politika eta Funtzio Publikoaren Ministerioko Estatu idazkariari.