Gaur, diploma eta Akademiaren ikurra jaso dituzte 2015 eta 2018 artean euskaltzain urgazle edo ohorezko izendatutakoek. Euskaltzaindiaren Donostiako ordezkaritzan egin da ekitaldia, eta guztira 16 ohorezko eta 24 urgazle ziren deituak bertara; gehienak hurbildu dira Luis Villasante Ikergunera. Urgazleen kasuan, honela zioen jaso duten diplomak: "Euskaltzaindiak euskararen alde orain arte egin dituen lanen esker-erakutsiz eta gerokoen pizgarri, urgazletzat hartu du". Ohorezkoen kasuan, honako hau jartzen zuen diplomak: "Euskaltzaindiak euskararen aldeko haren merezimendu bikainak aitortuz, euskaltzain ohorezko izendatu du".
Ohorezkoentzat izan dira Andres Urrutia euskaltzainburuaren lehen hitzak: "Askotarikoak dira zuen eginak, hitzetan nahiz ekintzetan, euskalgintzaren esparruan. Horiek eskertu nahi ditu Euskaltzaindiak ekitaldi honekin eta, bide batez, zuen presentzia baliatu zor zaizuen ohorezko izate hori nabarmentzeko eta azpimarratzeko gizartearen aurrean".
Ondoren, urgazleei egin die berba Urrutiak, gogoratuz “ohorerako bainoago lanean jarraitzeko deia” dela jaso dutena. “Horretan ari gara azken urteotan, uste baitugu Euskaltzaindiak bere ateak ireki behar dizkiela euskararen arloan egunotan bizien dabiltzan sektoreei. Hor ari zarete zuek ere, andrazko zein gizonezko, literaturan, kazetaritzan, zientzian, administrazioan, irakaskuntzan, ikerketan eta bestelakoetan. Hortxe eta Akademian ere nahi zaituzte Euskaltzaindiak, euskara eguneratu baten eskakizun eta premiei erantzun egokia emanez”.
“Akademiak badaki zer den lan hori eta berori barruratu nahi du -gehitu du euskaltzainburuak-, aukera emanez belaunaldi berriei, parte har dezaten Euskaltzaindiaren zereginetan. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazleak aintzat hartu, lanean jarri eta baliatu behar ditu”.
Diploma jaso duten euskaltzain urgazleak (2015-2018): Jon Aizpurua, Irene Arrarats, Rikardo Arregi, Ainhoa Arregi, Asier Bidart, Agurtzane Elordui, Roberto González de Viñaspre, Karmele jaio, Maite Lakar, Gotzon Lobera, Céline Mounole, Xabier Peritz 'Euzkitze', Patxi Petrirena, Patxi Salaberri, Allande Socarros, Luis Mari Zaldua, Josu Pikabea, Andres Alberdi, Amaia Apalauza, Xabier Erize, Iñaki Martinez de una, Rosa Ramos, Castillo Suárez, eta Blanca Urgell.
Diploma jaso duten ohorezko euskaltzainak: Jose Antonio Aduriz, Martzel Andrinua, Txaro Arteaga, Maria-Jose Azurmendi, Miren Jone Azurza, Henri Duhau-Lafourkade, Izaskun Gastesi, Abel Muniategi, Jose Mari Rementeria, Julen Urkiza, Arantxa Urretabizkaia, Pello Zabala, Auxtin Zamora, Txomin Solabarrieta, Sabin Salaberri eta Manex Pagola*.
(*) Ekainaren 7an hil zen Manex Pagola, eta aurrerago egingo den ekitaldi berezi batean bere familiari emango zaio diploma.