Domício Proençarekin batera etorri dira Rejane Proença bere emaztea, Francisco Gallo eta Antonio Veiga Hispaniar-Brasildar Kultura Fundazioko kideak, Tomás González Brasilgo ohorezko kontsula, Antonio Maura Rio de Janeiroko Cervantes Institutuko zuzendaria eta Esperanza Alia.
Erramun Osa Euskaltzaindiko idazkariordeak Bilboko egoitza osoa erakutsi die eta Proença harrituta geratu da euskararen "bizitasunarekin". "Niretzat ia misterio bat zen hizkuntzaren nondik-norakoak ikasi ditut gaur, bertatik-bertara", esan du Proençak. "Ikaslea nintzenean izan nuen euskararen berri, eta gaur ikasi ditut hizkuntza eder eta zahar honen hainbat kontu".
Gainera, Andres Urrutiak Gabriel Arestiren Harri eta Herri poemarioaren edizio berezia eta Bernard Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae-ren bertsio eleanitza oparitu dizkio Proença jaunari.