Hamar ikerketa-artikuluk osatzen dute zenbaki berria, eta horietarik bik euskara hutsezko hedabideen garrantzia aztertzen dute: Xabier Landabidea eta Jone Goirigolzarri irakasleek idatzi dute bat eta bestea Libe Mimenzak, Euskal Hedabideen Behatokiko koordinatzaileak.
Toponimia arloko bi artikulu ere aurkituko ditugu. Roberto González de Viñasprek Jugalez ibaia izango du aztergai, zehatz esanda, aipatu ibaiak Inglares izena nola hartu duen azaltzen du. Bestalde, Jose Luis Erdozia irakasleak euskal toponimo zenbaiten gainean argibideak ematen ditu.
Gramatika alorrean Juan Carlos Odriozolak eta Edurne Etxebarria irakasleek euskararen izen-flexioan jarri dute arreta.
Literaturari dagokionez, Miren Ibarluzeak euskal literatur itzulpengintza garaikidea nola egituratzen ari den kontatzen du. Literaturaren alorrean, baina ikuspegi historiko batetik, bi lan: alde batetik, Gidor Bilbao irakasleak Orixek klasiko greko-latindarrak euskaratzeko eta argitaratzeko izan zuen asmoen berri ematen ditu. Bestetik, Oliber Foixek Jean-Baptiste Dasconaguerre notario eta idazleari buru datu berriak eskaintzen ditu.
Bukatzeko, Guilermo Herráez hizkuntzalariak, Andres de Pozaren Hydrografia lana baliatzen du, euskal idazle klasikoa Urduñan jaio zela, eta ez Flandrian, frogatzeko.
Akademiaren agerkari ofiziala
Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala da eta 1920. urtetik argitaratzen da. Urteko lehen zenbakiak (buletinak) Euskaltzaindiaren lana eta bizitza akademikoa biltzen ditu, eta bigarrenak Akademiaren lan esparruetako ikerketa-artikulu originalak, liburu-aipamenak eta antzekoak jasotzen ditu. Zenbakiak urtea bukatu eta hurrengo sei hilabeteetan argitaratzen dira. Ikerketa artikuluak argitaratzeko, Idazketa kontseiluak, anonimotasuna bermatuz, kanpo ebaluatzaileen iritzia jasoko du.