Ostiralean, Gabriel Arestik bizi izan zituen garaiak gogoratu nahi dira Bilboko Plaza Barrian; batez ere, 60. eta 70. hamarkadak, erabakigarriak izan baitziren euskalgintzan. Gazte belaunaldi batek hartu zien lekukoa garai bateko idazle eta kulturgileei; inguruabar horretan sortu ziren, besteak beste, gau-eskolak, ikastolen mugimendua, Anaitasuna aldizkaria, Lur argitaletxea, Ez Dok Amairu, Gaur, Emen, Orain eta Danok taldeak... Sasoi horretan antolatu zen, baita, Euskaltzaindiaren 1968ko Arantzazuko biltzarra, 1964an Baionan egin zenaren segida historikoa.
Gabriel Arestik berta-bertatik bizi izan zituen gertakari horiek, eta giro berriaz blaitu zen, goitik behera. Blaitu bakarrik ez: bera izan zen suspertze prozesu horren eragileetako bat.
Gabriel Arestiren orduko ahaleginak azpimarratu eta euskal kulturaren abantean parte hartu zutenen lana gogoratuko dugu ostiraleko jardunaldian. Besteak beste, Bilboko Plaza Barrian izango dira Xabier Kintana, Maite Idirin, Jokin Apalategi, Oier Guillan, Arantza Garmendia, Jose Ramon Etxebarria, Iñaki Aldekoa edo Rogelio Botanz musikaria.
Programa osoa, HEMEN.