Zenbat aldiz ama entzun ote dut etxean, Euskal Telebistako emanaldi bat entzuten ari ginela: "Baina, Espainiako euskara da hau"...
Baina, jende uzkur hauen belaunaldia euskararen gainbeherarena izan da. Gogor jarririk beren euskararen egiazkotasunaz, haurren euskararen erabilera desagertzera utzi dute halere, eta hauetarik bat naiz. Tokiko edo gutiengo hizkuntza ikasteak frantsesa ikastea trabatzen ahal duela aitzakia hartuz, hizkuntzalari askok erakutsi baldin badigute ere ez dela batere egia.
Euskaltzainek ez baldin bazuten lan sakon hori egin, Hegoaldeko eta Iparraldeko euskaltzale zenbaitek bultzaturik Iparraldean 1963. urtetik goiti (eta hori argi eta garbi aipatu dute kolokioan), euskara atzeratuko eta kasik desagertuko zen Iparraldean. 1963. eta 1964. urteetako bilkuretan, Cordeliers karrikan zehazki, euskararen hizkera guztiak bateratzeko urratsa egin zen.
Ñabarduren errespetuaren denbora etorri da. Zenbait aldiz aipatu ote dit Xarles Videgain Baionako euskaltzainak hitz eta erran-molde ezberdinen aukera, gauza bera edo egoera bera adierazteko? "Hau, izatekotz Zuberoan erraiten da"... "Hitz hau Araba aldekoa da"...
Haur gastatuen denbora horretara ez gara oraindik heldu. Hizkuntzaren salbamendua presa handikoa zen, zenbaitzuk ezberdintasun altxorrak zaintzen saiatzen ziren bitartean, funtsezkoaz axolatu gabe.
Itzulpen gelaxkan lan egiten zuten itzultzaile gazteak begiratuz, eta Hegoaldeko edo Iparraldeko hizkuntzalari handienek ongi ulertzen zituztela ikusiz, pentsatzen nuen euskara bateratzeko asmo eroari esker guztiek elkar uler dezaketela arras ongi Baionatik Gasteiza.
Cordeliers karrikako aitzindariak, hauetarik zenbait lehen lerroan jarriak zirenak kolokioan, harro izaten ahal dira beren obra ausartaz. Horiek ez bezalakoa zen emazte gazte bat aretotik atera zelarik hiriko auzapeza frantsesez ari baitzen. Aitzindari hauek erran dezakete ama hizkuntzaren zerbitzuko aritu zirela eta euskara mundura heda dadila.
Beti izanen dira bai eskuzabalak eta bai ilunzaleak edozein borrokatan. Eta ongi badakigu, bi kategoriaren artean, denbora hasi denez geroztik, zeinek aitzinarazten eta gatazka alferretatik aterarazten duen."
Yves Ugalde Baionako auzapezordea