Urdatxen (Zuberoa) jaio zen Casenave-Harigile, 1924ko apirilaren 4an. Santa Grazin ohikoa zen bezala lau hizkuntzaren hiztuna zen: euskara, Bearnoko okzitaniera, frantsesa eta espainiera.
Apaizgai, Bètharramen (Bearno) ikasi zuen, 21 urterekin Palestinara joan zen. Betleemen hartu zituen eskolak eta 1948ko gerra bertatik bizi izan zuen; hantxe egin zen apaiz betharramdarra, 24 urterekin. Bètharramen (4 urtez), Limòtgesen (Lemosin, Okzitania; 12 urtez) eta Donapaleun (Etxekopar ikastetxeko zuzendari; 1964-1981) irakasle eta pedagogo ibili zen. Latin, frantses eta greziera irakatsi ditu. Oro har 33 urtez aritu izan zen irakaskuntzan.
1981ean Zuberoara itzuli zen apaiz lanak egitera, lehen Larrainera bi urtez; geroago Altzaira. Azken urteotan Donapaleuko beterramiten egoitzan egon da erretiratuta.
Euskaltzain urgazle izendatua 1979ko abenduaren 20an, eta ohorezko 2000ko urriaren 27an. Euskaltzaindian, Hiztegigintza Batzordean (1987-1989) aritu zen, batez ere.
Pastoralgintzan jardun zuen, batez ere. Hamabi pastoral ditu emanak, denak euskaraz bat izan ezik: Juan Martin Pueyrredon (1997an frantsesez emana, kantak bearneraz). Beste bederatzi ditu idatziak, oraindik eman gabe. Taularatuak izan dira, besteak beste, Santa Grazi (1976, EFAk argitaratua; izen bereko herriak emana); Ibañeta (1978, EFAk argitaratua, zubererazko testuarekin batera, euskara batuaz, gaztelaniaz eta frantsesez. Garindainen eta Auritzen emana); Zumalakarregi (1989, Zumalakarregi elkartea; Altzai-Lakarrik emana); Santa Kruz (1992, Santa Grazik); Agota (1999, Euskaltzaindia-BBK, Altzai-Lakarrik; Toribio Altzaga saria), edo Eñaut Elizagarai (2007, Gamere-Zihigan antzeztua).
Casenaveren beste zenbait idazlan: Hiztegia (1989-1993); Batarzün berria [zubereraz] [itzul.] (2002); Xiberoko Antzertia edo Pastorala (2011).