Aspaldiko ohiturari eutsiz, Euskaltzaindiak Nafarroa Oinez antolatuko duen ikastola bisitatu du ostiral honetan. Hain zuzen, Akademia Altsasuko Iñigo Aritza ikastolan izan da, eta, ikastolako eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariekin batera, Altsasuko ikastola osatzen duten lau herrietako ordezkariak izan dituzte zain bertan. Horrela, Altsasu, Urdiain, Ziordia eta Olatzagutiko alkateek eta Sakanako Mankomunitateko lehendakariak harrera egin diete euskaltzainei.
Goiza ikasleen artean hasi dute Euskaltzaindiko kideek, eta Iñigo Aritza ikastolako geletan ikasleekin egoteko aukera izan dute, baita haiek egin dituzten galderak erantzuteko beta ere: Euskaltzaindia noiz sortu zen, euskara batuaren sorrera, euskaltzainen zereginak, toponimoak, erdarazko moldeak... Haurrek Akademiaren inguruan dituzten zalantzak argitu ahal izan dituzte zuzenean, euskaltzainei galdetuz. Gainera, goizean izandako bisitaldian haritz bat landatu dute. Horrela, haritzez inguraturik dagoen ikastolako jolastokian beste zuhaitz bat gehiago egongo da aurrerantzean, ‘Euskaltzaindia’ izenekoa. Ikastolak beste haritz bat oparitu dio Akademiari, baina, kasu honetan, txikia: bonsai bat. “Liburuak, marrazkiak, oroigarriak eta bestelakoak, denetarik jaso izan dugu urteotan, baina inoiz ez bizirik dagoen zerbait. Ondo-ondo zainduko dugu, ea ehun urtez irauten duen”, esan du gaur ikasle eta irakasleen aurrean Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Altsasutik Olatzagutira joan dira euskaltzainak. Bertan, udalek egindako harrera ekitaldian, Sakanako toki entitateetako ordezkariek Miren Ustarrozen artelan bat oparitu diote Euskaltzaindiari: jentil harri bat, Aralarren dagoen Hartzabalen gisakoa. Ondoren, Zuzendaritzak hileroko lan-saioa egin du Olatzagutiko Udaletxean. Arratsalde partean, Urdiaingo errota zaharra bisitatu dute (XVI. mendekoa), eta haren ezaugarriak ezagutu dituzte, Josefina Iriberri Bengoetxearen eskutik.