Azurmendi Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Ikasketa Unibertsitario eta Teknikoetan aritu zen 13 urtez hainbat ikasgai irakasten, tartean soziolinguistikako gaiak, horretan aitzindaria izan zelarik.
Jarraian, EHUko Psikologia Fakultatean aritu zen, 1983tik jubilatu zen arte. Unibertsitatean katedradun izatera iritsi zen lehen emakumetarikoa izan zen. Zortzi urtez izan zen Psikologia Fakultateko Dekanotzako kidea, Euskara dekanorde gisa. 2011ean erretiroa hartu zuen, baina 2014ra arte irakasle emeritu moduan luzatu zuen bere bizitza akademikoa.
Quebeceko Laval Unibertsitateko 'Centre sur le Bilinguisme' irakasle gonbidatua eta 1980az geroztik zentro horren kidea izan da. Nevada-Renoko Unibertsitatean ere jardun du, irakasle gonbidatu gisa.