Txillardegik garaiko joera politiko abertzaleen arabera osatu zuen Baionako Biltzarrerako lantaldea. Beraz, baziren ETAkoak, EAJkoak, Enbatako bat eta hainbat apaiz. Indar politiko gisa hartu al zuen Eliza?
Halaxe da. Elizaren nolabaiteko babesa garrantzitsua zen. Kontzilio garaia zen eta kontzilioak hizkuntzei bidea irekitzen zien liturgian. Idiart, Andiazabal eta apaiz haiek han ziren, itzulpen lanetan.
Baionako Biltzarraren aitzinsolasa zerorrek egin zenuen. Zeure gisako euskaraz batuaz?
Lapurteraz idatzi nuen, Axularrek-eta bezala. Gipuzkoar batzuekin ere ohitua nintzen, iheslariak bagenituelako inguruan. Garai hartan Hazparnen bizi nintzen. Gainera, nik irakasten nuen eskola berean aritzen zen Eneko Irigarai ere. Euskalki guzietara ohituta nuen belarria. Zuberotarra izanik, ohitu egin behar, bestela…
Baionako Biltzarretik Arantzazukora lau urteko tartea dago. Zergatik?
Euskaltzaindia artean ez zegoen batasunerako prest. Txillardegi ETAkoa zen eta giroa mintzen hasia zen. 1964ko udan erabat gaiztotu zen ETAren eta EAJren arteko harremana, besteak beste, ETAk jarduna gogortzea erabaki zuelako.
Koldo Mitxelenak ezagutzen zuen Txillardegiren lana, Baionako Biltzarraren aurretik ere emanak zituelako xedeak, eta harremanetan ziren. Mitxelenak idatzi egin zion Txillardegiri, bere proposamenekin gutxi gorabehera ados zegoela aditzera emateko. Baina momentuz aterabiderik ez zuela ere esan zion, Euskaltzaindian adostasunik ez zegoelako, eta bolada batez ez zelako halakorik izango.
Koldo Mitxelenak itzal handia zuen, bai jakintsu bezala, bai eta jeltzaleen artean ere, militantea zelako. EAJko gazteek onartu egin zuten haren gidaritza eta besteak isildu egin ziren. Neutralizatu egin zituen. Hala eta guztiz ere, polemika handia izan zen, batik bat, H letragatik.
Baionako Biltzarrerakolantaldean ere izan al zen polemikarik, Arantzazun H letrak sortu zuen harrabotsaren modukorik?
Bilera haietaz oroitzapen handirik ez dut, lan eta lan aritu ginela besterik. Geure artean polemikarik ez zen izan, harmonia onean aritu ginen.
Anekdotarik?
1964ko udan Mixel Labeguerie parlamentari genuen, eta Euskal Idazkaritzako lehendakari [Baionako Biltzarrerako oinarriak finkatzen aritu zen llantaldeari babesa eman zion elkartea]. Oso mintzaldi bortitza egin zigun eta nik ez nuen gauza handirik ulertu, zertara ote zetorren prediku mingarri hura. Mina zuen Labegueriek, baina atzetik ETAren eta EAJren arteko liskarrak zeuden, hura EAJkoen alde baitzegoen. Iparraldean esan ohi dugun moduan, Txillardegik kartak nahasi zituen eta dimisioa eman zuen biltzarra pasa ondoren. Baina pasatzen utzi zuen, eta beharrik. Gaizki joanen zen bestela. Zuhurtzia hori izan zuen Txillardegik.
(Davant, Joseba Asiron Iruñeko alkatearekin)
H letra zela eta ez zela, halako liskarra sortzeak zer eragin zizun zuri?
Batzuk euskaragatik ari ziren, baina besteak politikak itsututa. Ulertzen dut Hegoaldeko batzuk beren euskalkiari atxikita egotea. Hori uler dezaket, baina ez da oroimen laburregia eduki behar. Nik badut Mendibururen liburu bat, eta bertan lasai asko erabiltzen zuen H letra, XVIII. mendean, ez Iparraldean erabiltzen den bezainbeste, baina halere franko ugari. Beraz, gure etxeko atetik urrunago joan behar dugu eta ikuspegia zabaldu.
Euskara Batuak bete al ditu helburuak? Zer izan du eskas orain arteko prozesuak?
Lorpenik handiena, euskara gauza guzien aipatzeko gai dela. Unibertsitatean gai guziak tratatzen dira euskaraz. Gero, administrazioetan ere, euskara berdina da denetan, eta euskaldunok elkar ulertzen dugu. Halakorik ez zen lehenago. Bizkaitar bat oso nekez ulertzen genuen eta xiberotarrak ere nekez ulertuak ginen. Naski, bizkaierak beste garrantzi bat du, zeren eta garai hartan, euskaldunen erdiak bizkaiera deitzen den horretan mintzo ziren.
Beharbada haiek beste inor baino galtzaileago?
Bai, baina etxean edo lagunartean erabiltzen ahal dute, eta gainera bizkaierak ere egin du bere batua. Euskara Batuari esker, hain zuzen, bizkaierak bere batua egin du, azpieuskalkiz aberats baitziren. Bizkaitar guziek bizkaieraz berdin idaztea lorpen handia da.
Iparraldean eta bereziki Zuberoan ere izan du aurkaririk Euskara Batuak.
Batuaren bidez xiberera baztertu eta erail nahi genuela pentsatu izan da, baina ez da hala. Xiberotarrak nahi badu xibereraz egiten du, baina Euskara Batua behar da.
Xibereraz ere bada batua.
Hori ere etorri da, erresistentziak izan arren. Bereziki, grafiaren aldetik.
Euskara batuari, idazteko sortu zen euskara literario horri, alegia, gaitz askoren errua bota zaio.
Bai. Jendeak ulertu behar du euskara batua momentuko euskara idatzia dela, eta mintzatzean askatasun handia uzten duela, baina betiere, elkarrengana hurbilduz, eta bereziki gure hiztegia zabalduz. Euskara Batuak arau batzuk betetzen ditu, denentzat berdinak. Hiztegia ere hor dago, eta Euskaltzaindiak bere gisako batasuna egin du horretan ere, baina oso hiztegi zabala da, euskalki guzietako hitz klasikoak biltzen ditu. Nik gomenda dezakedana, geure hiztegia zabaldu dezagun, hori baita idazle handiek ere egin dutena, Kintanak, Zabaletak, Lertxundik, Sarrionandiak, Atxagak, baita Itxaro Bordak berak ere.: oso kritikoa da, baina euskara batu zabala du. Entzun izan ditut batzuk euskara batua kritikatzen, baina oso euskara batu ederrean, eta horrek kontsolatu behar gaitu. Adibidez, Nabarraldeko biltzar batean, Arrasaten, hizlari batek euskara batua kritikatu zuen, baina oso euskara zabalean, funtsean euskara batuan. Bere buruari harrika ari zen nolabait.
Garbiñe Ubeda-ren elkarrizketa