Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza-politiketako arduradunak eta euskal lurraldeetako ordezkariak batu dira, gaur, Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak antolatutako mintegian, egun garatzen ari diren euskararen erabilera sustatzeko politika publikoak aztertzeko eta hizkuntzaren erabileran eragiten duten alderdiez hausnartzeko.
Gogoeta- eta eztabaida-saioari hasiera eman dion Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu du euskararen erabileran eragiten duten alderdiak aintzat hartu behar direla: “Euskarak azken hamarkadatan izan duen biziberritzea gertatu da euskal gizartearen ekin irmoagatik eta, horri esker, euskarak milaka hiztun irabazi ditu. Euskararen ezagutzak gora egin behar du oraindik ere, baina, gaur egun, erabilera areagotzeari lotu behar gatzaizkio”.
Eusko Jaurlaritzako sailburuaren iritziz, “hiztunen ezaugarriak biziki aldatu dira eta, euskararen erabilera bultzatzeko politikei ekiterakoan, eragin handieneko alderdiak aintzat hartu behar ditugu. Euskaraz hitz egiteko erraztasuna eta ingurune hurbila ditugu nagusiak, baina badira eragiten duten beste alderdi esanguratsu batzuk”. Horregatik, Bingen Zupiriak nabarmendu du “datozen urteotan, erakundeak lanean aritu behar direla euskararen erabilerak gora egin dezan, gorakada hori lortzeko ageriko ahalmena daukagu eta”.
(Bingen Zupiria eta Andres Urrutia)
Bere aldetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak gogorarazi du Akademiak betidanik izan duela euskararen erabileraren kezka eta ardura. Urrutiaren esanetan, Euskaltzaindiak “hizkuntzaren erabilera bultzatzen jarraitzen du gaur egun, kezka hori ez baita desagertu". "Erabilera bai, baina ez edonolakoa -adierazi du Urrutiak-. Hizkuntza modu sakon eta zabalean erabili ahal izatea eskatzen dugulako, hizkuntzari gizarte moderno batean dagozkion eginkizunak betetzeko helburuz". "Euskara erabili bai, baina osotasunez, era egoki eta berezkoan. Eta, horretarako, lan handia egin behar dugu oraindik, batez ere, euskara batuaren ikusmoldetik”, gogoratu du Urrutiak.
Bukatzeko, euskaltzainburuak azpimarratu du “bide horretatik doala Euskaltzaindia”, eta esan du Akademiak urrirako Arantzazun antolatu duen biltzarrak balio dezakeela "mende erdi honetan euskara batua gizartean nola hedatu den ikusteko, baina, batik bat, etorkizuneko erronkak zeintzuk diren antzemateko”.
Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan Mª Atutxaren aburuz, erronka nagusia “euskararen jakintzaren eta erabileraren arteko aldea murriztea da”. Horretarako, Atutxaren ustez, badira giltzarri bi: “alde batetik, euskara erabiltzea ahalbidetzen duten politika publikoak ezartzea eta, bestetik, hiztunen nahia”. Erronka horiez gain, Sabino Arana Fundazioko lehendakariak EUSKARALDIA ekimena aipatu du. Ekimena hamaika egunetan garatuko da udazkenean eta euskararen lurralde guztietan, eta, horren bitartez, erakundeen zein gizartearen ahalegin guztiak batu nahi dira, guztion euskararekiko konpromisoa sendotzeko.
AIZKORA ZORROZTU
Jardunaldiaren lehen mahai-inguruan, ondoko hizlariek jardun dute: Jon Aizpurua Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Plangintza eta Azterlanetako arduradunak; Euskal Herriko Unibertsitateko Garbiñe Bereziartua eta Beñat Muguruza irakasleak; eta Joxerra Gartzia idazle, irakasle eta kazetariak. Ondoko gaia jorratu dute laurek: 'Euskaraz jakin arren, erabiltzeko mugak eta oztopoak'. Aizpuruak 2016ko inkesta soziolinguistikoaren emaitzak aletu ditu, erakutsiz erabilerak gora egin duela Euskal Herri osoan, astiro-astiro bada ere (1991n 325.600 hiztun zeuden, eta gaur egun 437.700). Baina ohartu du hazkunde handiena eremu formaletan izan dela -adituen ardura piztu du datu honek-. Ostean, Garbiñe Beraziartuak eta Beñat Mugerzak Azpeitian hitanoari buruz egin duten ikerketa baten lehen emaitzak azaldu dituzte (www.hitanoaz.eus), eta ondorioztatu dute gizonezkoen eta mutilen artean askozaz gehiago erabiltzen dela, neska eta emakumezkoen artean baino. Gainera, hitanoa gehiago erabiltzeko gogoa eta beharra ere erakutsi dute Azpeitiko gazteek, ikerketaren arabera.
Joxerra Gartziak Koldo Mitxelena euskaltzainaren aipu zahar bat gogoratuz hasi du bere hitzaldia: aizkora dotorea izango da, baina ebakitzen ez badu... "Euskararekin berdin -gogoratu du Gartziak-, aizkora bezala juzgatu behar dugu: dotore izan ala ez, ebaki dezala". Irakasleak adierazi du eskolan "errekurtso ez formalak" erakusten hasi behar garela, gazteei eguneroko bizitzan erabiliko dituzten erremintak emateko. Erreminta horiek hitz-elkarteetan, hitanoan, tokian-tokiko aurkikuntzetan/ ateraldietan, tradizioan,... aurki ditzakegula esan du Gartziak. Eta erabilera eta kalitatea uztarri bereko idiak direla esan du, "batak bestea elikatzen duelako".
'D' EREDUAREN IRAULTZA
Jarraian, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak; Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuaren zuzendari nagusiak; eta Joseba Erremundeguy Euskararen Erakunde Publikoaren misio kargudunak, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian garatzen ari diren euskararen erabilera sustatzeko politika publikoez jardun dute.
Miren Dobaranek instituzioen arteko 'Hiruko ituna' aipatu eta goraipatu du bere berbaldian, horretan asko aurreratu dela esanez. Bide batez, gizarte eragileekin egindakoak ere nabarmendu ditu, eta Euskaraldia jarri du adibide gisa. "Euskaraldiak ez gaitu salbatuko, baina bide berriak irekiko ditu, arnasgune berriak eraiki", aitortu du Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Bere Sailaren ahalegin esanguratsu batzuk ere aletu ditu (udalekuetan egindako estrategia aldaketa; wikipediaren lorpen izugarriak...), eta etorkizunerako ideia garrantzitsu bat jarri du mahai gainean: D ereduaren 'iraultza'. "Euskal gizartea oso konplexua da, familia-moldeak aldatu dira, eta jada 'D' eredu bakarra ez da existitzen; ikastetxe bakoitzari egokitutako 'D' ereduez hitz egin beharko genuke. Hori dena ondo-ondo aztertu dugu eta aldaketa ikaragarriak izango dira ondorengo urteetan, jauzi kualitatiboak. Hizkuntza proiektuekin benetan asmatzen badugu, lorpen izugarriak edukiko ditugu". Horretarako estrategia jakin bat jarraitzen dutela esan du Dobaranek, "lankidetza, indar-metaketa, ikerketa eta proba bultzatuz".
Mikel Arregi Euskarabidea-ko zuzendari nagusiak Nafarroako egoera bestelakoa dela esan du, Foru Erkidegoko datu batzuk erakutsiz. Hala ere, Euskararen Nafar Institutuaren helburu estrategikoak aletu ditu, banan-banan: "Euskarazko jardueren eskaintza handitu nahi dugu, hizkuntzaren gizarte erabilera aktibatzeko; eskolaz kanpoko aisialdia zabaldu nahi dugu, gazteen artean euskararen erabilera areagotzeko; euskarak komunikaziorako tresna teknologikoetan duen presentzia handitu nahi dugu; euskarazko hedabideen eskaintza eta erdaraz diren hedabideetan euskarak duen tokia zabaldu nahian gabiltza; saltokietan, zerbitzu profesionaletan eta enpresetan euskararen presentzia areagotzen gabiltza; sormenezko kultura produktu eta jardueren eskaintza zabaldu nahi dugu; udalerri euskaldunetako edo euskararen arnasguneetako erabilera indartu nahi dugu; eta Nafarroako euskalkiak eta euskararen aldaerak zaindu eta garatu nahi ditugu, herritarrek balioetsi eta erabil ditzaten".
Amaitzeko, Joseba Erremundeguy Euskararen Erakunde Publikoaren misio kargudunak "transmisioa eta erabilpena" aipatu ditu EEPren goiburu legez. Azken urteotan, Ipar Euskal Herrian EEPk izan duen eragina azaldu du, eta etorkizunean egingo dituztenak agertu: "2019rako, Euskal Elkargoaren proiektua eta EEPrena finkatzen eta bozkatzen direnean, aldaketa nabarmenak izanen dira, Hizkuntza Politika potente eta bateratu bat garatzeko aukera izanen delako, aspaldiko partez".
"Euskara osotasunez, era egoki eta berezkoan erabili nahi dugu"
Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak euskararen erabileraren gakoez hausnartzeko mintegia antolatu dute, gaur, Fundazioaren Bilboko egoitzan. Hizkuntza-politikaren eta euskal kulturaren esparruetako berrogeita hamar bat arduradunek parte hartu dute, goiz osoz luzatu den jardunaldi mamitsuan.
Bingen Zupiria (Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua: "Hiztunen ezaugarriak biziki aldatu dira eta, euskararen erabilera bultzatzeko politikei ekiterakoan, eragin handieneko alderdiak aintzat hartu behar ditugu”.
Andres Urrutia (euskaltzainburua): "Euskara osotasunez, era egoki eta berezkoan erabili nahi dugu. Eta horretarako lan handia egin behar dugu oraindik, batez ere euskara batuaren ikusmoldetik”.