Jose Ramon Etxebarria irakasle eta euskaltzain urgazlea omenduko dute, bihar, 46. Udako Ikastaroetan
Egitasmo honen bitartez, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) bere 46. Udako Ikastaroen hasiera ekitaldia egingo du Gasteizen, Oihaneder Euskararen Etxean.
Andres Urrutia euskaltzainburuak parte hartuko du jardunaldian, eta 'Euskararen estandarizazioa: oraina eta geroa' hitzaldia eskainiko du, 09:30etik aurrera.
Jardunaldi berean, Jose Ramon Etxebarriaren omenezko liburu bat aurkeztuko dute. Halaber, irakasle eta euskaltzain urgazleak 'Euskarazko testugintza. Amaitu gabeko historiaren atal baten bertsio pertsonala' hitzaldia emango du (13:30).
(Jose Ramon Etxebarria irakasle eta euskaltzain urgazlea)
Jakina denez, aurten Euskara Batua abiatu zeneko 50. urteurrena da, eta data esanguratsu horren karira, Euskaltzaindiak nazioarteko biltzarra antolatu du urrirako, hiru egunez luzatuko dena, Arantzazun.
1968tik euskara batuak egin duen bidea azaldu, egungoaz gogoeta egin eta eginkizun dagoena zehaztu nahi dira biltzar honen bidez.
Komunikazioen laburpena aurkezteko epea zabalik dago: ekainaren 1etik 30era. Helbide honetara bidali behar dira: komunikazioak@euskaltzaindia.eus