Gaur, Bilboko 48. Liburu Azokaren Urrezko Idaz Luma saria jaso du Joan Mari Torrealdaik. Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariaren eta Asier Muniategi Azokako arduradunaren eskutik jaso du golardoa.
Ekitaldi berean, Joxe Mari Sors Elkar-eko gerenteak Torrealdairen ibilbidea aletu du, eta 'lider isila' dela azpimarratu du. "Eskertu izan dugu beti berak eskaintzen duen ilusioa, jakituria eta segurtasuna", esan du Sorsek, eta bestelako dohainak ere nabarmendu ditu jendaurrean: "Badaki helburuak ondo zehazten, besteen ekarpenak aintzat hartzen ditu, besteekin partekatzen du dakiena, beti egon da elkarlanerako prest...". Euskal kulturaren langile porrokatua bai, baina "pertsona xumea eta bideak errazten dakiena" ere badela esan du Sorsek, eta, gauza guztien gainetik, "pertsona independentea".
Ilusio handia egin dio Torrealdairi sari berriak, lumak sinbolizatzen duelako bere urteetako lana, bere jardun intelektuala. "Luma honetan irudikatzen dut euskarari egin zaizkion irain, zigor eta injustizien kontra erabili dudan espiritu kritiko salatzailea. Euskal Herriari jartzen zaizkion traba, zentsura eta politika beltzak aztertu eta agerian jarri nahi izan ditut", esan du gaurko agerpenean. Bere azken lanak ('Asedio al euskera' - Txertoa) ere ildo berbera jarraitzen du.
"Nire lumarekin -gaineratu du- saiatu naiz erakusten Euskal Herria, bere txikian, errealitate oso bat dela, unibertso bat, eta euskal kultura aberatsa dela, anitza eta askotarikoa",
Adierazpen askatasunaren defendatzaile sutsua izanik, errealitateari eman dio hitza Torrealdaik, hots, informazio objektiboari eta datuari, sarritan iritzi kontrajarriei ere lekua eginez.
Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942), Teologian eta Informazio Zientzietan lizentziaduna. Zientzia Politiko eta Soziologian doktorea. Jakin Fundazioaren burua. Euskaltzain urgazle izendatua 1975eko ekainaren 27an eta oso 2007ko azaroaren 30ean. “Bibliografiatik bibliotekara, esperantzari lehioa” izeneko sarrera hitzaldia irakurri zuen Foruan 2009ko urriaren 31n.