Orain dela 11 urte, ordena kronologiko bati jarraituz hasi ziren Bilbo Zaharra euskaltegikoak, eta azken urteotan irizpidez aldatu eta bestelako bideak jorratzen hasi dira, baina helburua beti izan da berdina: euskal literaturaren altxorrak ezagutarazi eta lan horien egileei gorazarre egin. Aurten, Euskaltzaindia omendu nahi izan dute, bere mendeurrenaren atarian.
Horretarako, Txomin Agirreren Kresala irakurriko da ekainaren 7an, Bilboko Arriaga Antzokian. Hamabi orduko jardunean, 400 pertsonatik gora pasatuko dira bertatik.
Hona hemen orain arte irakurritako liburuen zerrenda: Axularren Gero-rekin hasi ziren, Mogelen Peru Abarcarekin jarraitu, ondoren etorri ziren Jon Miranderen Haur besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, edo Gabriel Arestiren Harri eta herri. Azken urteotan, Joseba Sarrionandiaren Narrazioa guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia eta Itxaro Bordaren %100 Basque irakurri izan dira. Esan legez, aurten Txomin Agirreren Kresala hautatu dute.
Hitzaldiak
Klasikoen Irakurraldia girotzeko, hitzaldi eta solasaldiak antolatzen ditu Bilbo Zaharra euskaltegiak, aldiro. 2017an hasi ziren Kresalarekin, eta aurten ere ibili dira, hiru hilabetero zer edo zer antolatu dutela Bilboko Plaza Barriko gure egoitzan, Agirreren lana aztertu eta orduko giroa ezagutarazteko, batez ere. Azken hitzaldi-sorta datorren asterako iragarri dute. Hona hemen egitaraua:
- Ekainak 4 (19:00): Itxaro Borda ('Atzoko eta gaurko kresalak').
- Ekainak 5 (19:00): Koldo Izagirre ('Arranondotik Trintxerpera, Galizian barrena') eta Harkaitz Cano ('Kresalaren haritik, gaurkotasun apunteak').
- Ekainak 6 (19:00): Kirmen Uribe ('Haurtzarominak Agirreri').
Lekua: Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza (Plaza Barria, 15)