Arabako Foru Aldundiak, 2018ko Arabako Domina eman die Euskaltzaindiari eta Eusko Ikaskuntzari, bi erakunde horiek sortu zireneko 100. urteurrenean. Larunbat honetan, Artium museoan ospatu den ekitaldian, bi erakundeek Arabaren eta Euskal Herriaren hizkuntza, gizarte eta kultur ondarearen sustatzaile eta eragile moduan egindako "lan itzel eta goresgarria" goraipatu izan du Ramiro González Arabako diputatu nagusiak. “Eskerrik asko Eusko Ikaskuntza eta eskerrik asko Euskaltzaindia. Gure hizkuntza eta gure ondare kulturala, soziala, eta historikoa ulertzen eta gordetzen lagundu diguzue. Gure gizartea hazten jarraitzeko bi erakunde ezinbesteko zarete”, azpimarratu zuen Gonzálezek San Prudentzio egunez egin zen ekitaldi jendetsuan.
Larunbat goizean, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzako ordezkari ugari bildu zen Artium museoan, euskaltzain oso, urgazle eta Akademiako beste langileekin batera. Andres Urrutia euskaltzainburuak "lanean jarraitzeko beste arrazoi bat" ikusi zuen aitortza berri honetan. "Orain dela ehun urte bezala, euskal gizarteari zerbitzatzeko gaude -gogoratu zuen bere hitzaldian Urrutiak-, eta egungo teknologia berriak baliatuko ditugu gure lana gizarteari eskaintzeko, iraganari so egiteak ez baitu etorkizuna konpontzen".
(Ramiro González Arabako diputatu nagusiak eman zion Urrezko Domina Andres Urrutia euskaltzainburuari)
Bere aldetik, Roberto González de Viñaspre Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak gogoratu zuen lurralde honek Akademiarekin izan duen harreman estu eta aspaldikoa. "Euskaltzaindiaren sorreratik bertatik ondo-ondoan izan dugu Arabako Aldundia, gure jarduna babesten eta bultzatzen. Ezin ahantzi Euskaltzaindia Arabako barne-muinetik sortua dela, hain zuzen, lurralde historikoaren erakunde gorenak bultzatu zuela, duela ia ehun urte, euskal herrietako beste diputazioekin batera", agertu zuen euskaltzain osoak. "Horren erakusgarri da Raimundo Olabide gasteiztarra, lehen euskaltzain osoen artean partaide izandakoa. Gerora, Henrike Knörr zenak ere ekarri handia egin zuen Akademian", azpimarratu zuen González de Viñasprek.
Azken urteotan Akademiak bideratu eta jorratutako proiektuak ere nabarmendu zituen Arabako ordezkariak. Tartean, Gasteizko toponimiarena: "Bere tamaina eta itzalagatik, izugarri garrantzitsua da Gasteizko Toponimia egitasmoa, 1996tik aurrera Gasteiz udalerriko herrien toponimia historikoa lantzeko eta gizarteratzeko balio izan duena".