"Gaur saritzen duzuen Akademiak, euskararenak, ehun urte betetzear ditu, eta tarte horretan etengabe aritu dira akademiaren gizon eta emakumeak euskara eta euskal kulturaren alde, gizarteko beste hainbat eragileekin batera. Horretara ulertuta, saritzen duzuena ahalegin kolektibo bat da, ehun urtetan ondu dena eta aurrerantzean ere lanean jarraituko duena. Izan ere, kasu honetan saritua eta sari emailea batera datoz, bi-biok baitugu gizarteari zerbitzua emateko gogoa eta borondatea", adierazi zuen Urrutiak jendaurrean. "Bultzada eman diguzue bidegintza horretan segitzeko -azpimarratu zuen-, eta bultzada hori geure egiten dugu eta zuei berriro ere eskaini. Zuek gabe eta euskal gizarterik gabe ezinezkoa baita akademia baten lana".
Beraz, "saria eta konpromisoa biak onartzen ditugu", esan zuen euskaltzainburuak, eta gonbite bat egin zion gizarteari: "Hurbildu gure egoitzetara, ikusi zer egiten dugun, nola egiten dugun lan, hurbildu sare sozialetan ditugun plataforma desberdinetara..., ateak zabalik baititugu. Lehen, orain eta etorkizunean, euskal gizarteari begira gaude, euskal gizarteari zerbitzatzeko jaio baikinen".