Badira hamar urte Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak euskararen alde lanean dihardutela, hirian euskara eta euskal kultura sustatu guran. Aurten ere, erakunde bien arteko elkarlan agerikoa berretsi egin da. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak hitzarmena sinatu dute gaur goizean, "euskararen erabilera soziala eta euskal kulturaren transmisioa sustatzen eta indartzen jarraitzeko" eta, era beran, "hizkuntzaren kalitatea zaintzeko", Bilboko alkateak nabarmendu duenez.
Hartara, erakunde biek luzatu egin dute 2008az geroztik indarrean dagoen hitzarmena, Bilbon kultur zabalkundeko jarduerak egiteko, euskarazko ikastaroak eta euskararen aldeko hitzaldiak eta erakusketak antolatzeko. Horrez gain, Bilborekin eta euskararekin lotura duten lanak edo biografiak ere argitaratuko dira.
Udalak, Euskara eta Hezkuntza Sailaren bidez, 35.500 euroko diru-laguntza emango dio Euskaltzaindiari 2018rako, euskal literaturaren zuzeneko ikaskuntza eta ikaskuntza sakona bultzatzeko, hirian euskararen erabilera sustatzeko eta hizkuntzaren arloko aholkularitza ziurtatzeko.
“Egunero-egunero, une gozo zein zailetan, euskal kultura eta euskararen alde jardun izan du Euskaltzaindiak, eta hasiera-hasieratik alboan izan du Bilboko Udala”, esan du gaur Andres Urrutia euskaltzainburuak. “Orain erraz ulertzen da hori dena guztia, baina 1918 hartan agian ez hain aise”, gaineratu du. Gainera, Urrutiak gogoratu du 1918an Udalak baimen berezia eman ziola Akademiari hirian euskarazko eskolak antolatzeko. Aurten ehun urte bete dituen Indautxuko Eskolan eskaini ziren ikasketa haiek.
Beraz, hona hemen Euskaltzaindiak Bilboko Udalarekin hartu dituen konpromisoak, 2018rako:
- Euskaltzaindiak Bilboko Udalari laguntza eta aholkua emango dizkio, euskararen normalizazioan eta garapenean, bai hizkuntza berari dagokionez, bai eta hizkuntza gizarteratzeko lanetan ere.
- Bilbok euskararekin izan duen lotura estua eta denboraren joanean bilbotarrek euskarari erakutsi dioten atxikimendua herritarren artean zabaltzeko asmoz, Bilborekin lotura izan duten pertsona esanguratsuen lanak edota bibliografiak argitaratzeko ahalegina egingo du Euskaltzaindiak. Aurten Xabier Kintana euskaltzain osoaren biografiari ekingo zaio.
- Aurtengo udazkenean berriro egingo da 'Astelehen Buruzuria', formatu akustikoan egiten den musika-errezitaldien zikloa. Gainera, urtean zehar euskal kulturaren zabalkundearekin lotura duten hitzaldiak, erakusketak eta kultur jarduerak antolatuko dira Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria, 15).
- Euskaltzaindiak bere egoitzako zerbitzu orokorren bidez, herritarrek eskatzen dizkioten informazioa, aholkularitza eta laguntza eskainiko ditu.
- Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Barriko 15ean duen egoitzako zerbitzuak eta azpiegiturak eskainiko ditu kultur hedapenerako ekintzak, ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak, liburuen aurkezpenak, kultur-ekintzei buruzko prentsa-aurrekoak eta bestelako ekimenak burutzeko, herri-erakunde eta elkarteekin elkarlanean.
- Euskaltzaindiak hizkuntzaren arloko aholkularitza eskainiko die Udaleko sailei, bilbotarrei informazio egokia emate aldera.
Akordio hori euskara sustatzeko Udalak duen ekintza-planaren barruan sartzen da eta hiru helburu estrategiko hartzen ditu bere gain: euskararen transmisioa, erabilera soziala eta hizkuntzaren kalitatea. Azken helburu honetan funtsezko eginkizuna du Euskaltzaindiak, hizkuntzaren normalizaziorako beharrezkoa den estandarizazioa zaintzeko eta euskarak arlo guztietan bizirik iraun dezan.
EUSKALTZAINDIAK EHUN URTE BETEKO DITU AURTEN
Aurten Euskaltzaindiaren mendeurrena izango da. Sortu zenetik (1918-1919) Bilbon izan du beti egoitza nagusia, Euskal Herriko lau Foru Diputazioen babesarekin eratu bazen ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak, euskararen gainean, aholku-erakunde ofizialaren maila eman zion Euskaltzaindiari. Ildo horretan, bere eginkizunak euskararen gramatikaren arauak ikertzea eta ematea, euskararen erabilera bultzatzea eta euskararen eskubideak zaintzea dira.
Aurreneko lau euskaltzainak, 1919an, Resurrección María de Azkue, Luis Elizalde, Julio Urkixo eta Arturo Campión izan ziren; lehenengo Euskaltzainburua, berriz, Resurrección María de Azkue.
Hasieran Euskaltzaindiak bi sail zituen: euskal ikerleen saila eta jagoleena. Lehenengoak euskararen arazo linguistikoak bideratzen zituen eta bigarrenak, berriz, gizartearen esparru guztietan bultzatzen zuen euskararen erabilera.
Gaur egun, 29 euskaltzain oso eta emeritu ditu –botoa eta erabakiak hartzeko ahala dute-, ohorezko 34 euskaltzain eta 149 euskaltzain urgazle, guztiak ere batzordeetako lanetan parte hartzen dutenak. Euskaltzainburua Andrés Urrutia da 2005az geroztik.
1920tik hona Euskaltzaindiak Euskera izeneko argitalpen ofiziala du. Aurtengo urrian hasi eta 2019ko irailera bitartean Euskaltzaindiak mendeurrena ospatuko du. Ospakizunetan Bilboko Udalaren eta Euskal Herriko gainerako erakundeen laguntza izango du.
Bilbon euskararen erabilera soziala indartzeko hitzarmena sinatu dute Udalak eta Euskaltzaindiak
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak urtebeterako luzatu dute euskara sustatzeko indarrean dagoen erakunde bien arteko lankidetza-hitzarmena. Hitzarmen hori duela hamar urte baino lehenago sinatu zen aurrenekoz eta ordutik urtero berresten da.
Honela, Bilboko Udalak 35.500 euroko diru-laguntza emango dio Akademiari, euskal literaturaren ikaskuntza sakona bultzatzeko, hizkuntza-aholkularitza bermatzeko eta hirian euskararen erabilera sustatzeko.
Hitzarmen honen helburuak dira, batetik, euskara eta euskal kultura sustatzeko jarduerak egitea Euskaltzaindiaren egoitzan, eta, bestetik, Bilborekin eta euskararekin lotura duten pertsona esanguratsuen lanak eta biografiak argitaratzea. Aurten, Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariaren biografiari ekingo zaio.
Andres Urrutia: “Egunero-egunero, une gozo zein zailetan, euskal kultura eta euskararen alde jardun izan du Euskaltzaindiak, eta hasiera-hasieratik alboan izan du Bilboko Udala”.