Euskaltzaindiak Gasteiz udalerriko toponimia historikoaren seigarren liburukia aurkeztu du gaur, hiriburuko Udaletxean. Agerpena Udaletxeko prentsa aretoan egin da, eta bertan izan dira Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Andres Urrutia euskaltzainburua, Roberto González de Viñaspre euskaltzain oso eta Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria eta Elena Martínez de Madina Salazar, Gasteizko Toponimia VI, Arratzua II liburuaren egilea.
Elena Martínez de Madina euskaltzain urgazle eta Onomastika batzordekideak eginiko ikerlana, Arabako hiriburuaz gainera, Gasteizko beste 64 herriak ikergai dituen egitasmo zabal baten zati da. “Lan honetan ez da toponimo-bilketa soilik aurkezten -adierazi du euskaltzain urgazleak-, baita onomastika-ikerketa baten hipotesiak eta ondorioak ere. Izan ere, leku-izen normatibizatuak proposatzen dira, hala nola izen bakoitzaren etimologia, batzuetan ziurra, beste batzuetan ez hainbeste. Horrek gure lurraldeko hizkuntzak, gure usadio zaharrak, gure flora, fauna, geografia eta historia ezagutzen laguntzen digu”.
Arratzua merindade zaharra osatzen zuten herrien ikerketa toponimiko osoa hiru liburukitan banatzen da. Lehenak sei herri zituen aztergai, eta orain aurkezten den honek zazpi (Aberasturi, Andollu, Argandoña, Askartza, Billafranka, Bolibar eta Uribarri Nagusia). Gainerako herrien toponimia-analisi sakona bi urte barru argitaratuko da.
Egitasmo hau guztia egingarria da Gasteizko Udalak Euskaltzaindiarekin sinatua duen hitzarmenari esker. “Ekimen eredugarria da oro har toponimia-ondarearen mesedetan, eta, euskarari dagokionez, funtsezko datu-bilduma oparoa bertoko euskararen ezaugarriez nabarmen gehiago jakin dezagun”, aitortu du Roberto González de Viñaspre Euskaltzaindiko Onomastika batzordeko buruak.
Euskaltzaindiak Gasteizko udaletxean gaur egin duen Osoko bilkura baliatu du arabar guztientzat ekarpen ohargarria den lan hau jendaurrean aurkezteko.
2018rako hitzarmena Gasteizko Udalarekin
Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak hitzarmen berria sinatu dute 2018rako, bi erakundeen arteko lankidetza sendotzeko eta euskararen erabilera sustatzeko baliagarri izango den akordioa. "Agiri honek berresten du Gasteizko Udalarekin aspalditik daukagun harremana eta elkarrekin egin izan dugun lana, eta bide horretatik jarraitu nahi dugu, hiriko Toponimia ikertzen eta bestelako zerbitzuak eskaintzen Gasteizko herritarrei", esan du Andres Urrutia euskaltzainburuak gaurko prentsaurrekoan.
Hitzarmenaren bidez, Euskaltzaindiak aholku emango dio Udalari euskararekin lotutako gaietan, eta hizkuntza babesten, zaintzen eta sustatzen jarraituko du. Orobat, kultur zabalkunderako jarduerak, ikastaroak eta hitzaldiak egingo ditu, baina Gasteizko Toponimia bildumaren jarraipena izango da egiteko nagusia. Zehazki, 2017ko. Urtearen azken lauhilekoan hasiera eman zion Arratzua III fasearekin jarraituko du Akademiak 2018. urtean.
Udalak 63.000 euro emango dizkio Akademiari, urte osoan kultur zabalkunderako jarduerak, ikastaroak eta hitzaldiak egin ditzan.
Bere aldetik, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak gogoratu du euskarak hirian izan behar duen bultzadaren “katalizatzaile eta dinamizatzaile” moduan jokatu behar duela Udalak, eta aitortu du zeregin horretan dabilela buru-belarri azken 20 urteotan, Euskaltzaindiaren eskutik. “Elkarlan emankorra eta gogobetegarria da, alde biak asetzen dituena”, esan du alkateak. Zentzu honetan, Urtaranek gogoratu du Gasteizek, Euskadiko hiriburua den heinean, “euskararen hiria” izan behar duela “eta izan daitekeela. Gure hizkuntza altxor bat da eta gure hizkuntza bultzatu eta gure toponimia aztertzen jarraitzeko hau bezalako lanak funtsezkoak dira. Askotan esaten dugu izena badu zerbaitek izana ere baduela. Eta hori da gure udalerrian gertatzen dena. Herri txiki askok osatzen dute Gasteiz eta horrekin batera mendiak, ibaiak, larreak edota haranak. Toki guzti hauek bere izena dute eta izena dutelako existitzen dira. Izen guzti hauek euskaratik datoz. Eta horregatik uste dut gure Udalerrian sustraietan eta bihotzean euskara dagoela. Elena Martinez de Madinaren lanarekin gure hizkuntzaren presentziaren alde lan egiten jarraitzen dugu”, esan du alkateak.
Testuinguru honetan, Urtaranek nabarmendu du Gasteizko kaleetan ematen diren elkarrizketen % 3,7 euskaraz izaten direla. 1993tik gaurdaino, 1,2 hasi da zifra hau; bi eta hamalau urte bitarteko haurren artean, 5,9ra handitzen da datua.