Bere aldizkari ofiziala den Pyrenaica-ren eskutik, Euskal Mendizale Federazioak Euskal Herriko mendien katalogoa plazaratu berri du. Funtsean, katalogoan mendizaleei Euskal Herriko nahiz inguruko lurraldeetako mendi azpimarragarrien lerrokada eskaintzen zaie, beren txangoen helburu izan daitezen. Zerrenda horietan lerrokatzen diren mendiak dira, izan ere, 'Ehun mendien lehiaketa' tradiziozkoan puntuagarri direnak. Euskal Herriko 597 mendi agertzen dira zerrendetan, herrialdeka sailkaturik eta identifikazioa zehazteko zenbait informazio geografikoz horniturik. Era berean, Euskal Herritik kanpoko beste 323 mendi ere aipatzen dira, gure inguruko mendigune handietako nabarmenenak, hain zuzen ere. Liburuxkak 110 orrialde ditu eta Nondik argitaletxeak paratutako bi mapa daramatza eranskin gisa: Euskal Herrikoa eta Penintsulakoa, mendien nahiz mendiguneen kokaera zehazten laguntzeko.
1990etik, Euskaltzaindiarekin batera
1990ean zortzigarren edizioa paratzen ari zenean, Federazioak Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko zenbait kideren laguntza izan zuen eta oso nabarmena da edizio horretatik aurrera euskal toponimoak irizpide akademikoen arabera idazteko joera. Mendien zerrendak euskal mendizaleen tradizioaren arabera apailatzen dira eta horretarako adituak mendizaletasunaren nahiz geografia alorraren munduan bilatzen dira. Baina, era berean, leku izenei eman behar zaien itxura grafiko zuzena erabakitzea hizkuntzalaritzari dagokio eta horixe da, izan ere, Euskaltzaindiak Federazioari eman ohi dion laguntza.
1999an plazaratutako argitaraldia Eusko Jaurlaritzaren eskutik etorri zen. Liburuxka haren aurkezpena Lakuan egin zen eta ekitaldian, besteak beste, Onomastika batzordeko bi kidek parte hartu zuten. Hurrengo edizioetan (haietako hiru euskarri digitalean) Euskal Herriko mendien zerrenda haietan egindako aldaketa toponimiko eta grafiko guztiak Onomastika batzordeak aztertu ditu, gizarteratu aurretik oniritzi akademikoa jasotze aldera.
Euskaltzaindiaren webgunean, kontsultagai
Urte haietan hasita, Euskaltzaindiaren webgunean ere kontsultagarri daude mendi horiei dagozkien oinarrizko informazioak. Euskal Herritik kanpoko mendien lerrokadetan modu berean jokatu ohi da. Alegia, leku izen aragoiar, asturiar, katalan, galiziar, okzitaniar eta abarren idazkerak, dagozkien hizkuntzen irizpide akademikoen arabera idatzita agertzen dira katalogoan. Idazkera horietako batzuk gure artean ohikoak ez badira ere, ondare toponimikoaren babesa ez ezik, hizkuntza horien beraien ikusgarritasuna ere bultzatu nahi izan delako katalogotik.
Hurrengo urteetan euskal mendizaleek eta Euskal Herriko argitaletxeek katalogo hau izango dute gidari, zerrendatzen diren mendi horiek bisitatzeko, deskribatzeko, aipatzeko... Euskal Mendizale Federazioak 30.000 kirolari baino gehiago biltzen ditu eta beste hainbeste dira Pyrenaica-k hiru hilean behin argitaratzen eta zabaltzen duen aldizkariaren aleak.
Euskal Herriko mendien katalogoaren 5.000 ale inprimatu dira oraingo edizioan. Nola edo hala, kopuru horiek estu lotuta daude hor zerrendatzen diren informazioen normalizazioarekin, hots, erabiltzaileen artean izen eta idazkera horiek normal bihurtzearekin. “Hizkuntzaren atal onomastikoaren normalizazioan laguntzaile aparta du Euskaltzaindiak, beraz, euskal mendizaletasunaren mundua. Aurrerantzean ere elkarrekin lanean jarraitzeko beste arrazoi bat dugu hau eta hala izatea espero dugu”, adierazi dute Euskal Mendizale Federaziotik, aspaldiko lankidetza goraipatuz.
Euskal Mendizale Federazioa: http://www.emf-fvm.org/
Pyrenaica aldizkaria: http://www.pyrenaica.com/
Euskal Mendizale Federazioak 'Euskal Herriko mendien katalogoa' osatu eta plazaratu du
Euskal Herriko 597 mendi agertzen dira zerrendetan. Era berean, Euskal Herritik kanpoko beste 323 mendi ere aipatzen dira.
Ez da liburu berria, ordea: lehenengo edizioa 1950ean egin zen eta ordutik hona beste hamalau alditan ikusi du argia; oraingo hau hamabosgarren argitaraldia da.
1990ean, zortzigarren edizioa paratzen ari zenean, Federazioak Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko zenbait kideren laguntza izan zuen eta oso nabarmena da edizio horretatik aurrera euskal toponimoak irizpide akademikoen arabera idazteko joera.
Euskaltzaindiaren webgunean ere kontsultagarri daude mendi horiei dagozkien oinarrizko informazioak.
Idatzi iruzkina