2018an, Euskal Herriko Ipar zein Hegoaldean munta handiko ekintza eta jaialdiak antolatuko direla ikusirik, Euskaltzaindiak zenbait gutun bidali zizkien urtarrilean hainbat egitasmotan ardurak izango dituzten antolatzaile eta sustatzaileei, tartean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateari, maiatzean Europako errugbiko Challenge eta Champions Cup finalak jokatuko baitira Bilbon.
Gutun horretan, Bizkaiko hiriburuan antolatuko diren egitasmoetan euskarari dagokion tokia emateko eskatzen zitzaion alkateari, hots, har zitzala kontuan euskal herritarren hizkuntza eskubideak. Zeregin horretan laguntzeko prest azaldu zen Akademia.
Euskaltzaindiaren eskariari erantzunez, Juan Mari Aburto alkateak adierazi du "Bilboko Udalak bere esku dauden erabakiak hartuko dituela" euskarak dagokion tokia izan dezan, "beste hizkuntzekin batera, ekitaldi hauen antolaketarako egiten diren zabalkunde ekimenetan", eta, hau guztia bideratzeko, Euskaltzaindiarekin batera lan egiteko nahia azaldu du. Dagoeneko harremanetan daude Udaletxeko Euskara eta Hezkuntza saileko zinegotzia eta Akademiaren idazkaritza.
Euskaltzaindiari garrantzitsua iruditzen zaio ekitaldi hauen guztien garapenean zein beraien sustapenerako egiten diren askotariko ekimenetan euskarari toki duina eta nabarmena ematea; presentzia horrek, gutxienez, gainerako hizkuntzen parekoa izan behar duela irizten dio.
Aspaldiko lankidetza
Bilboko Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlanak sustrai sendoak ditu. 2008az geroztik urtero sinatzen den hitzarmenari esker edozenbat egitasmo antolatzen dira Akademiaren Plaza Barriko egoitzan. 2017an, besteak beste, Gabriel Arestiren Euskal Harriak 50 urte ekitaldia eta Astelehen Buruzuria kontzertu akustikoen zikloa.
Bi dira Udalak eta Euskaltzaindiak iazko ekainean berretsi zuten konpromisoaren helburu nagusiak: batetik, Bizkaiko hiriburuan euskararen erabilera soziala indartzen eta bultzatzen jarraitzea, eta, bestetik, hizkuntzaren kalitatea zaintzea.
Honela, Euskaltzaindiak egoitza nagusiko zerbitzuak eta azpiegiturak eskaintzen ditu kultur hedapenerako ekintzak, ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak, liburuen aurkezpenak, eta bestelako ekimenak egiteko, herri-erakunde eta elkarteekin elkarlanean. Eta, gainera, Euskaltzaindiak hizkuntzaren arloko aholkularitza eskaintzen die Udaleko sailei, bilbotarrei informazio egokia emate aldera.
Bilboko Udalak agindu du euskarak dagokion tokia izango duela 2018an hirian antolatuko diren kirol ekintza nagusietan
Maiatzean Europako errugbiko Challenge eta Champions Cup finalak jokatuko dira Bilbon, eta Euskaltzaindiari garrantzitsua iruditzen zaio ekitaldi hauen garapenean zein beraien sustapenerako egiten diren ekimenetan euskarari toki duina eta nabarmena ematea; gutxienez, gainerako hizkuntzen parekoa.
Idatzi iruzkina