Euskaltzaindiak euskaltzain berriak izendatu ditu gaur. Goizean, Iruñean egin den Osoko bilkuran, euskaltzain osoek bozketa egin dute Patxi Uribarren eta Joan Mari Torrealdai emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsuneak betetzeko, eta Miriam Urkiak eta Roberto González de Viñasprek lortu dute Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa.
Gogoratu behar da azaroaren 24an, Donostian egindako Osoko batzarrean, Euskaltzaindiak euskaltzain emeritu izendatu zituela Patxi Uribarren eta Joan Mari Torrealdai euskaltzain osoak (emeritu izateko 75 urte beteak izan behar dituzte euskaltzain osoek). Ondoren, urtarrilaren 26an amaitu zen hutsune horiek betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Hiru hautagai aurkeztu zituzten euskaltzainek Donostiako Osoko bilkuran: Miriam Urkia, Karmele Jaio eta Roberto González de Viñaspre, eta gaur, Urkia eta González de Viñaspreren aldeko hautua egin dute euskaltzain osoek.
Gaurtik aurrera zortzi hilabeteko tartea izango dute sarrera-hitzaldiak paratzeko, eta berdin erantzunezko idazkia egin behar duten euskaltzainek bereak prestatzeko. Horren buruan harrera ekitaldia egingo da. Izendapen berriek bestelako bitxikeria bat ere ekarri dute Akademiara: ia ehun urteko ibilbide luze-zabalean, eta estreinakoz, ez da elizgizonik izango euskaltzain osoen artean, Patxi Uribarren baitzen abade bakarra.
Patxi Uribarren euskaltzain emerituaren lekua beteko duen euskaltzain osoaren profil laburra:
Roberto González de Viñaspre Gonzalo (Bilbo, 1961). Bilbotarra jaiotzez, Araban -Trebiñun- bizi izan da gaztetatik. Euskal Filologiako lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa, Hizkuntza Normalkuntzaren alorrean. Euskaltzain urgazle izendatua 2015ean, Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria da eta Onomastika batzordearen buru, 2018ko urtarriletik aurrera. Arabako toponimia historikoa da gehien landu duen ikerketa esparrua, eta arreta bereziarekin aztertu du Trebiñukoa.
Joan Mari Torrealdai euskaltzain emerituaren lekua beteko duen euskaltzain osoaren profil laburra:
Miriam Urkia Gonzalez (Donostia, 1965) Euskal Filologiako doktorea (EHU, 1997). Aurretik Euskal Filologiako lizentziaduna (Deustuko Unibertsitatea, 1988). Lexikografia, corpusgintza, morfologia konputazionala eta hizkuntza-teknologiak dira bere lan-esparruak. UZEIko langilea 1983tik, Lexikografia saileko zuzendaria da 1992tik eta, teknologiei lotutako lan lexikografikoekin batera, bereziki Euskaltzaindiari lotutako lanetan dihardu. Hiztegi Batuko lantaldeko kide 1999tik eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradun 2013tik. Euskaltzain urgazlea da 2003tik eta Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria 2017tik. Euskararen Aholku Batzordeko kide ere bada 2007tik.
1918tik 2018ra, 92 euskaltzain oso
Hogeita lau euskaltzain osoz, euskaltzain emerituz, euskaltzain urgazlez eta ohorezko euskaltzainez osatua da Euskaltzaindia. Euskaltzain urgazle eta ohorezkoentzat ez da muga jakinik. 90 euskaltzain oso dira 1918tik 2017ra bitartekoak, eta Miriam Urkiarekin eta Roberto González de Viñasprerekin 92 dira azken ehun urteotan Akademiak izendatu dituen euskaltzain osoak.
Hona hemen gaur egungo euskaltzain osoen zerrenda (guztira, 24): Sagrario Aleman; Adolfo Arejita; Aurelia Arkotxa; Bernardo Atxaga; Miren Azkarate; Jean-Baptiste Coyos; Patxi Goenaga; Roberto González de Viñaspre; Andres Iñigo; Jabier Kaltzakorta; Xabier Kintana; Joseba Lakarra; Beñat Oihartzabal; Miren Lourdes Oñederra; Andoni Sagarna; Patxi Salaberri; Pello Salaburu; Ibon Sarasola; Ana Toledo; Andres Urrutia; Miriam Urkia; Xarles Videgain; Patxi Zabaleta; eta Mikel Zalbide. Eta honatx emerituen izenak: Jean-Louis Davant; Txomin Peillen; Jose Luis Lizundia; Patxi Uribarren eta Joan Mari Torrealdai.