Cristina Uriarte (Hezkuntza sailburua): “Gaur adostutako akordioaren helburuetako bat da euskarazko ikasmaterialak lantzen jarraitzea, Euskaltzaindiak ematen digun bermearekin”.
Andres Urrutia (euskaltzainburua): "Mendeurrenaren karira, Euskaltzaindiak argi ikusten du euskararen batasunerako bidean eman dituen eta ematen dituen arauen, gomendioen eta irizpenen zabalkunderako Hezkuntza prozesuek duten irismena eta pisua. Gainera, Hezkuntza eragileekin batera jokatu nahi du Euskaltzaindiak, horien guztien ekarpenak jasotzea oinarrizkoa baita, gerora euskararen aurrerabidean zeresana izango dutelako".
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak erakunde bien arteko akordioa sinatu dute gaur goizean, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitza nagusian. Maiatzak 29an, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluan aurkeztu eta onartu zen hitzarmen proposamena. Gaurko sinadurak akordioa berretsi egiten du, eta bertan jasotakoa indarrean jarri.
Akordioak Euskaltzaindiaren eta Hezkuntza Sailaren koordinazioa eta lankidetza indartzea bilatzen du, Hezkuntza Sailak azken hamarkadetan martxan duen EIMA programaren bitartez. Eusko Jaurlaritzak, Unibertsitate aurreko euskarazko ikasmaterialgintza babesteko, indartzeko, garatzeko eta diruz laguntzeko eratu zuen EIMA programa, Euskararen Normalizaziorako Legean oinarrituz.