Arauak bi atal ditu:
-Lehenengo atalean, zenbait azalpen ematen dira ulertzeko zer gertatzen zen garai hartan pertsona ospetsuen izenekin: latina zen prestigiozko hizkuntza, jatorrizko izenak latinizatu egiten ziren askotan, eta hala zabaltzen ziren Europan. Latinetik, gero, tokian tokiko hizkuntzetara aldatu ohi ziren grafia egokituta. Adibidez, 'Jehan Cauvin' frantses teologoaren izena 'Ioannes Calvinus' gisa latinizatu zen, eta handik pasatu zen Europako hizkuntzetara: 'Johannes Calvin' (alemana), 'Giovanni Calvino' (italiera), 'John Calvin' (ingelesa), 'João Calvino' (portugesa), 'Jan Kalwin' (poloniera)… Halakoetan, euskaraz ere egokitzen da grafia: 'Joan Kalbino'. Halakorik gertatzen ez bada, hau da, egokitzapena hizkuntzaren batean baino gertatzen ez bada, euskaraz ez da egokitzen. Hori da irizpide orokorra.
-Bigarren atalean, garai horretako pertsona-izen ospetsuen zerrenda ematen da, eta, euskarazko formarekin batera, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko formak ere ematen dira. Izen oso ezagunak dira gehienak, hala nola 'Kristobal Kolon', 'Leonardo da Vinci', 'Martin Lutero', 'Fernando Magallaes', 'Nikolas Koperniko', 'Michelangelo', 'Nikolas Makiavelo'… Guztira, 58 pertsona-izen ematen dira.
Exonomastika batzordea
Errenazimentuko pertsona-izenen araua argitaratu du Euskaltzaindiak
'Errenazimentuko pertsona-izenak' araua (185.a) argitaratu da, Euskaltzaindiak 2017ko abenduaren 22an onartua.
Idatzi iruzkina