Euskaltzaindiak eta UEUk, erakunde bakoitzak bere aldetik, egiten dituzten hainbat jarduera lankidetzan garatzeko borondatea adierazi dute; batak besteari egindako lana aitortuaz. UEUk euskararen arloan, Euskaltzaindia erakunde aholku-emaile ofizialtzat aitortu du eta Euskaltzaindiak UEUk bereziki eremu unibertsitarioan euskararen biziberritzean egindako lana: euskarazko ikerkuntza eta zabalkundea sustatuz, askotarikoa testuak sortuz eta irakasleak prestatuz.
Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia elikatzeko asmoz, UEUk argitaraturiko euskarazko testu-multzoaz baliatzea adostu dute. Lexikoaren Behatokia egitasmoaren xedea corpus monitore bat, lematizatua, etiketatua eta linguistikoki apuntatuta prestatzea da. Euskaltzaindia, UZEI, Elhuyar eta Ixa taldea dira egitasmoaren garatzaileak. Hainbat eragilek euskaraz ekoitziriko testuak (ahoz nahiz idatziz) irensten ditu, corpusaren oinarria bihurtuz. Horrela, UEUk sorturiko euskarazko testu-masa baliatuko litzateke, egun dagoen corpusa aberastuz.
Bestetik, Euskaltzaindiak euskaraz sortu, argitaratu eta zabaltzen duenaren oinarrizko informazioa Euskal Komunitate Zientifikoaren Datu-Basean (Inguma) jartzea adostu dute. Euskaltzaindia eta UEUren arteko lankidetzaren xedeak euskaraz ekoizten dena biltzea, sailkatzea eta ezagutaraztea, eta bestetik, euskaraz diharduten ikertzaile, sortzaile, eta oro har, emaile guztiak harremanetan jartzea, euskararen normalizazioa, eta bereziki, unibertsitate mailako jakintza-arlo bakoitzaren euskararen normalizazioa sustatzeko. Halaber, sinatzaileok Euskal Komunitate Zientifikoaren Datu-Basea (Inguma) unibertsitarioen curriculum-garapenerako lanabes interesgarria dela adosten dute.
Euskal gizarteari errealitate berri-berriak eskaini
Andres Urrutia euskaltzainburua pozik agertu da hitzarmen berria sinatu ostean: “Bien arteko hitzarmena aspaldikoa izanik ere, gaur berriztatu egin dugu, beste pausu garrantzitsu bat emanez: besteak beste, aurrerantzean UEUren barruan ontzen eta mamitzen den produkzio linguistikoa eta zientifikoa eskura izango du Euskaltzaindiak bere corpus linguistikoetan, bere ikerketa lanetan erabili ahal izateko eta berriro gizarteratu ahal izateko”. “Aurrera goaz eta esparru berriak bilatzen ari gara bi erakunde hauen artean euskalgintza eta euskal gizarteari errealitate berri-berriak eskaini ahal izateko”, azpimarratu du euskaltzainburuak.
Bere aldetik, Iñaki Alegria UEUko zuzendariak aitortu du UEUrentzat “oso garrantzitsua” dela hitzarmen hau, “bestelako unibertsitateekin eta gobernuekin dauzkagun hitzarmenez gain, euskalgintzako eragileekin ere ari garelako hitzarmenak sinatzen, eta, zentzu horretan, Euskaltzaindia erreferentea da guretzat”.
UEUk eta Euskaltzaindiak bost urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute
Euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da lankidetza.
Andres Urrutia (euskaltzainburua): “Aurrerantzean UEUren barruan ontzen eta mamitzen den produkzio linguistikoa eta zientifikoa eskura izango du Euskaltzaindiak bere corpus linguistikoetan, bere ikerketa lanetan erabili ahal izateko eta berriro gizarteratu ahal izateko”.
Iñaki Alegria (UEUko zuzendaria): “UEUrentzat oso garrantzitsua da hitzarmen hau, bestelako unibertsitateekin eta gobernuekin dauzkagun hitzarmenez gain, euskalgintzako eragileekin ere ari garelako hitzarmenak sinatzen, eta, zentzu horretan, Euskaltzaindia erreferentea da guretzat”.