'Euskera 2016,2' (ikerketa zenbakia)
Aurtengo ikerketa zenbakiaren gai nagusia Euskararen Biziberritzearen Erronkak jardunaldiak emandako ondorioak izango dira. Horren harira Patxi Saezek eta Bittor Hidalgok euskararen egoera eta erronkei buruzko artikulu argigarriak aurkeztuko dizkigute. Olatz Altunak eta Maialen Iñarrak kale-erabileran jarriko dute arreta. 2016ko azterketak emandako datuak oinarri hartu eta erabilerak dituen erronken gainean hitz egingo digute. Patxi Juaristik, ordea, hiztun komunitateek izan beharko luketen harremanez hitz egingo digu, balore etikoetan oinarritu behar diren harremanez.
Gai nagusi horretatik harago, hainbat artikulu irakurtzeko aukera eskaintzen digu zenbakiak:
-Literatura arloan, Beñat Sarasolak euskal literaturan izan diren literatura konparatuari buruzko lehen saiakerez idazten du.
-Gema Lasarte eta Amaia Serranok maskulinitate berriek euskal haur eta gazte literaturan utzitako aztarnetan arakatu dute.
-Jon Kortazarrek, aldiz, Gabriel Arestiren lehen argitalpenen inguruan izan ziren hainbat kontu argituko ditu.
-Gema Lasartek, kasu honetan Letizia Diezekin elkarlanean, eskolatan sortzen ari diren atsotitz berrien gainean egindako ikerketaren datuak aurkezten ditu.
'Sierra de Toloño, nexo de la Montaña y la Rioja Alavesa'
Ikerketa honen oinarria, egilearen esanetan, sierra de Toloño eta Sierra de Cantabria terminoetatik zuzena zein den erabakitzeko izan den eztabaida antzuan dago. Bere ustez, esan gabe doa Sierra de Toloño edo Sierra de Nabarra direla forma zuzenenak. Ikerketa honen bitartez, baieztapen hau sostengatzen duten dokumentuak aurkeztu eta, aurretik, beste ikerlari batzuek esandakoak aztertu ditu. Horrekin batera, aurrez publikatu diren mapa eta dokumentu jakin batzuen interpretazio desegokiez zehaztapen batzuk egin behari izan ditu. Egileak Toloño mendi lerroaren izenaren egokitasuna frogatzeko, etnografian, artxiboetan, kartografia eta irudietan, margogintzan eta iturri literarioetan arakatu du. Liburuan zehar mendilerroaren eta inguruko paisaia, etxebizitza, eliza, dokumentu garrantzitsu eta abarren irudiak ikus daitezke.
'Erlea 11'
Bernardo Atxagak zuzentzen duen aldizkari literarioak soinujoleengan jarriko du arreta oraingoan. Lehenagoko soinujoleengan, gazteengan eta beste kultura batzuetatik iritsi zaizkigunengan.
Agerkariak ohikoak dituen atalez gain, azpimarragarriak dira:
-Miel Elustondoko Josu Zabala soinujoleari eta Hertzainak rock taldeko kide ohiari egiten dion elkarrizketa.
-Bernardo Atxagak eta Joxan Goikoetxeak, azken honen objektuak aitzakia hartuta, eskaintzen diguten solasaldi interesgarria.
-Jean-Louis Davant euskaltzain emerituak iaz zendu zendu zen Piarres Charritton euskaltzainaren figura ekarriko du orriotara. Charritton Ipar Euskal Herriaren azken mende osoko historia ezagutzeko ezinbesteko pertsonaia da.
Urtean zehar aurkeztu dituen beste lan batzuk ere izango dira saltokian:
-'Piarres Larzabalen antzerkigintza: 1950 – 1982. Euskarazko antzerki identitarioaren paradigmak'. Isabelle Echeverriak idatzitako lana.
-'Amikuzeko euskararen azterketa'. Iñaki Caminok idatzia
-'Narrazioak eta olerkiak 2016'. Haur eta gazteentzako literatura sariak.
'Erlea 11', 'Euskera 2016,2' ikerketa zenbakia eta Toloñoko mendikateari buruzko ikerketa, Durangoko Azokan
Aurten, eta badira 52 aldi, Euskaltzaindiak Durangoko Liburu eta Disko Azokan parte hartuko du. Bere argitalpen fondoko hamarnaka liburu salgai izateaz landa, hiru nobedade nagusi aurkezten ditu:
-'Euskera 2016,2' (ikerketa zenbakia).
-'Sierra de Toloño, nexo de la Montaña y la Rioja Alavesa'.
-'Erlea 11'.
Idatzi iruzkina