Azken mendeetan atzerakada izan ondoren, azken hamarkadetan nabarmen hobera egin du euskararen egoerak Araban. Aldaketa horren dimentsioa eta ezaugarriak izango dira hizpide, hain zuzen, Euskaltzaindiak azaroaren 17rako antolatu duen XXII. Jagon jardunaldian. Bertan, Arabako ordezkaritza herritar, profesional eta instituzional zabal batek parte hartuko du. Besteak beste, Roberto Gonzalez de Viñaspre Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak. Gonzalez de Viñasprek gaurko agerpenean adierazi duen legez, "Araban euskarak duen egoera izango da aztergai jardunaldi berri honetan; Arabako gaur egungo errealitatetik abiatuta, aurrera begirako erronkez eta aukerez hausnartzeko abagune izango da, hizkuntza-normalizazioaren bidean. Ildo horretan zenbait ekimen eta esperientzia berritzaile aurkeztuko dira, eta tarte berezia eskainiko diegu euskarazko hedabideei".
Euskaltzaindiaren Jagon sailaren barruan dagoen Sustapen batzordeak antolatu du jardunaldi berria, Arabako Foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin batera. Jakina denez, Jagon sailaren zeregina da “euskara sustatzea, erabilera zabaltzea, hizkuntzaren kalitatea bermatzea eta hiztunen eskubideak zaintzea, helburu hauek guztiek ziurtatuko dutelako euskararen biziraupena”, Gonzalez de Viñasprek berak prentsaurrekoan azpimarratu duenez.
Bere aldetik, Sagrario Aleman euskaltzain eta Sustapen batzordeko buruak Jagon jardunaldien historia errepasatu du, eta atzera jo behar izan du horretarako, XX. mendeko hastapenetara, hain zuzen. “Mende hasierako eliza eta euskara jardunaldi haietatik hasi eta hainbat gai jorratu dira azken ehun urteotan: Europar Batasuna eta euskararen aldeko hizkuntza politika; euskara, kontsumoa eta hizkuntza eskubideak; euskara eta etorkinak; gazteak, aisialdia eta euskara... Eta jardunaldiok beti egin izan dira herri erakundeetako ordezkarien eta herri eragileen laguntzaz”, adierazi du euskaltzain nafarrak. Aurtengoa, gainera, ez da Gasteizen egiten den lehen Jagon jardunaldia, Sagrario Alemanek gogoratu duen legez: “2011n Gasteizen egin zen sustapeneko Jagon jardunaldia, Arabatik Arabara goiburuarekin, eta, orduan bezala, Arabako eragileek jardunaldian parte hartzeko jarrera ezin hobea erakutsi digute”.
Komunikabideen pisua
Iñaki Martinez de Luna Sustapen batzordeko kide eta soziologoa ibili da egitaraua osatzen. “Azaroaren 17ko zita honetan Araban gertatzen ari den hizkuntza-aldaketaren dimentsioa eta ezaugarriak izango dira hizpide -aurreratu du Martinez de lunak-. Hasteko, euskararen egungo egoera eta azken hamarkadetako bilakaera aztertuko da, gertatzen ari dena datu zehatzen argitan ikusiz. Estatistikatik harago, zenbait erakundetako euskal teknikariek hartuko dute hitza ondoren. Jarraian, euskalgintza sozialaren ordezkaritza peto-petoak hartuko du hitza, hala nola Oihaneder/Lazarraga eta Agurain 75 ordu euskaraz ekimenetako ordezkariek, Gasteizko Geu eta Trebiñuko Gutxisolo euskara elkarteetako kideek, eta helduen euskalduntzeko mugimenduaren izenean IKAko ordezkari batek. Azkenik, euskararen biziberritze arrakastatsurako erabakigarriak diren zenbait hedabideen ahotsa ere entzungo da (HEKIMEN, ALEA, Hala Bedi 2...). Guztien ahotik eta nor bere eskarmentutik abiatuz, orain arteko lorpenez eta bidean izandako oztopoez zein etorkizuneko aukerez hausnartzeko parada egongo da. Baina jardunaldi dinamikoa egin nahi izan dugu, eta, horregatik, entzuleek ere parte hartzeko aukera izango dute, beraien zalantza edo ikuspuntuak hizlariekin partekatuz”.
Egitarau zabala
Jagon jardunaldia goizeko 9:30ean abiatuko da, Andres Urrutia euskaltzainburuaren sarrerarekin. Urrutiarekin batera egongo dira Igone Martinez de Luna Arabako Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua, Iñaki Prusilla Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzia, Sagrario Aleman Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko burua eta Roberto Gonzalez de Viñaspre bera.
Sarrera-hitzaldien ondotik, Arabako egoeraren eta bilakaeraren nondik norakoak aztertu eta eztabaidatuko dira, mahai-inguru batean. Parte hartuko dute Agurtzane Ortiz de Landaluze Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako teknikariak; Asier Etxenike Aztikerreko zuzendariak; eta Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko Kale Neurketako zuzendariak. Iñaki Martinez de Lunak egingo du moderatzaile lana.
11:00etan erakundeetako euskara teknikarien txanda izango da, eta Jokin Larrañagak (Arabako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko burua), Alex Vadillok (Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzua), Leire Sueskunek (Errioxako Kuadrillako Euskara teknikaria) eta Manex Agirrek (Gorbeialdeko Kuadrillako Euskara teknikaria) parte hartuko dute, Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzain urgazlearen esanetara.
12:00etatik aurrera Arabako euskaldunak aktibatzeko azken urteotan egindako ahaleginak aletuko dira. Horretarako, Montehermosoraino hurbilduko dira Asier Lafuente (Agurainen 75 Ordu Euskaraz ekimeneko kidea), Maddalen Agirre (GEU Elkarteko teknikaria), Iñaki Lazkano (Oihaneder Euskararen Etxeko teknikaria eta Lazarraga Kultur Elkarteko kidea); Pilar Ansotegi (Gutxisolo Elkarteko kidea), eta Josemi Reguero (Gasteizko IKAko arduraduna). Ane Pedruzok moderatuko du mahaia.
Azkenik, 13:00ak aldera, gure hizkuntza bultzatzeko euskarazko hedabideen garrantzia azpimarratuko da. Horretan jardungo dute Alberto Barandiaran HEKIMENeko zuzendariak, Aritz Martinez de Luna ALEAko koordinatzaileak, Izar Mendiguren Aiaraldea hedabideko zuzendariak eta Jon Sanchez Hala Bedi Bi-ko kazetariak, Itsaso Estarronaren batutapean.
Dena den, Jagon jardunaldia ez da egitasmo zarratu bat eta entzuleek aukera izango dute hizlariek esandakoaren haritik beren zalantzak edota beren ikuspuntuak agerian jartzeko. Guztien ekarpenekin urrats bat gehiago egingo da, Araban euskararen normalizazioa errealitatea izan dadin.
Euskal herritar guztientzat ateak zabalik izango dira azaroaren 17an, Montehermoson, baina aforoa kontrolatzeko komenigarria da aldez aurretik izena ematea (info@euskaltzaindia.eus helbidean edo (0034) 944158155 telefono zenbakira deituz egin daiteke).