El liberalismo es pecado, (Barcelona, 1891) edizio monumentala da, zortzi hizkuntzatan aldi berean, tamaina handian eta irudi ugariz hornituta. Hizkuntza horietako bat euskara da (besteak: jatorrizko gaztelania, katalana, portugesa, latina, italiera, frantsesa eta alemana).
“Gai hauetaz autoritate nabarmena den aita Villasanteren arabera, bi aldiz, gutxienez, itzuli edota egokitu da testu hori euskarara; batean testua osorik (Liberalen dotriña pecatu da: galda bician dauden aucibideac, 1887), eta, bestean, testua laburtuz eta egokituz, Jose Ignazio Arana jesuitak (Bai, pecatu da liberalqueriya, 1888). Lehen itzulpenaren egiletza eztabaidatua izan da: Villasanteren arabera D.J.M. Etxeberria izeneko apaiz zegamarra litzateke, baina Jon Bilbaok, ordea, Gregorio Arrueri esleitzen dio. Duela ez asko Luis Haranburu Altunak aita Aranaren edizio berrargitaratu du (Bai, pekatua da liberalkeria, Hiria, 2006)”, argitzen du Pruden Gartzia Azkue Biblioteka eta Artxiboaren arduradunak. Eta bestelako ñabardurak ere seinalatzen ditu: “Edizio monumental honetako testuaren izenburua ez dator bat bi bertsio horiekin: Liberalkeria pecatuba da (1891). Ondorioz, ziur aski hirugarren egile baten bertsiotzat hartu behar da. Villasantek berak aipatzen du edizio hau, baina arreta handirik eskaini gabe: argitalpen-data txarto ematen du eta balizko egiletzaz ez du ezer esaten”.
Fèlix Sardà i Salvany (1841-1916)
Apaiz katalana, oso ospetsua bere garaian propagandista eta polemista bezala, lan ugari idatzi zituen, beti fede katolikoaren bertsio tradizionalista baten alde. Egundoko arrakasta izan zuen, baina baita kritikak ere Eliza barruan bertan, orduan ere guzti-guztiak ez baitziren lerro hertsiaren aldekoak. Bere lanik ezagunena da El liberalismo es pecado (1884), edizio ugari izan zituena gaztelaniaz eta hainbat hizkuntzatara itzuli zena, tartean euskarara ere.