Egitarauari begira, larunbaterako kontzertua iragarri dute Urepeleko elizan. Euskal kantuak eta musika klasikoa, Estitxu Sistiaga (pianoa), Nikole Baqueriza (ahotsa) eta Mikel Urdangari biolin-jolearen eskutik. Ondotik, afari alaitua.
Baina Deiadarra taldekoek iganderako utzi dituzte ekitaldirik pisutsuenak. Goizeko 9:00etan ohiko ibilaldia izango da, Xalbadorren etxola eta Urepele herria ezagutzeko parada aproposa. Gero, meza nagusia eta 11:15ean Joxe Mari Iriondo kazetari eta ohorezko euskaltzainaren hitzaldia iragarri dute, Urepeleko eskolan emango dena; hitzaldi honetan Jon Azpillaga bertsolariaren bizitza aletuko du Iriondok, modu arin eta didaktikoan. Goiz partean baita, tarte bat izanen da Bilboko Salbatzaile dantza taldearentzat eta herri kirolentzat (Donazaharre eta Mutriku taldeen arteko lehia prestatu dute). Eguerdian, ohiko bazkaria eta horren ostean haurren txokoa. Ondotik, bertsolarien txanda (Amets Arzallus, Xebastian Lizaso, Juan Joxe Eizmendi eta Jose Luis Gorrotxategi). Aurtengo Xalbadorren Eguna erromeria batekin itxiko da.
Bertsolari poetikoa
Xalbador, jaiotzako izen-deiturez Fernando Aire Etxart (Urepele, Nafarroa Beherea, 1920ko ekainaren 19a-1976ko azaroaren 7a) bertsolaria eta artzaina izan zen. Bertsolari liriko eta poetikoa, seriostasuna eta malenkonia ordezkatu izan zituen anitzetan; bizitza, familia, baserria, fedea eta natura izan zituen bertsoetako gai. Mattinekin batera, Ipar eta Hego Euskal Herriko bertsozaleak elkartu zituen. Ezin bertzean (1969) eta Odolaren mintzoa (1976) bertso bildumak eman zituen argitara. Zorigaitzez, 1976ko azaroaren 7an Urepele bere jaioterrian ospatu zitzaion omenaldi-egunean bihotzekoak jota hil zen. Euskaltzain ohorezko izendatu zuten 1977an.
(A. Zubikarairen omenaldia, Ondarroan -1992-: Zubikarai, Garmendia, Azpillaga eta Narbaiza)
Azpillaga gogoan (Joxemari Iriondok iganderako prestatu duen testua)
"Jon Azpillaga Urrutia Gipuzkoako Pasai San Pedron jaio zen, 1935eko azaroaren 26an, eta Mutrikun hil da, aurten, otsailaren 2an. Bertsolari ona zen, gozoa eta entzun erraza. Gizaseme handia soinez, baina askoz handiagoa bihotzez eta gizatasunez. Zer hoberik esan daiteke gizon bat aipatu eta goratzean?
Lehendik ere banuen haren entzutea, baina Loiolako Herri irratiak urtero antolatu ohi zuen Bertsolari Gazteen Sariketa hartan hobeki ezagutzeko aukera izan nuen. Geroztik hamaika aldiz egon ginen elkarrekin, besteak beste Ondarroan, euskal kantu zaharrak jasotzen. Tubal, euskaldunen aita omen zela esan zidan pertsonaia biblikoaren bertsoak grabatu nizkion 1963an. Azkenengo harremanak Ramon Maiz Okelar zenaren liburua (Auspoa 322) egin genuen garaian izan nituen, bizpahiru alditan, eta Mutrikuko Kalbarixon liburuaren aurkezpeneko bazkalondoan kantatu zituen bertsoak grabatu nizkion, halabeharrez.
Ahots bikaina zuen Jonek, presentzia handia. Gozatu egiten zuen kantatzen, eta ez zuen behin eta berriz eskatzen ibili beharrik bertsotan hasteko.
Banekien ez zegoela ondo, eta egun batean Txileko puntan jakin nuen Jon handia hil zela. Bere hil-berria hantxe ikusi nuen, eta sentitu nuen benetan. Facebook bidez bidali nuen nire penaren berri laburra. Xalbadorren lagun eta mireslea zen Azpillaga.
Nongoa
Nongoa zen, non jaio eta non egin zen bertsolari? Berak kontatu/kantatu zuen, Auspoa 272 liburuan jasotzen denez:
Hamaika urte pasatu ditut zutunik edo etzanda.
Francon denboran utzi nituen hainbeste gauza esanda.
Pasaia penaz beterik utzi Berriatuara joanda.
San Pedrokua daukat karneta, San Pedron jaio nintzada.
Bere aita (Juan Azpillaga Txakartegi) gudari zebilela Iata mendiaren bonkardaketan hil zen, eta ama, Beronika Urrutia, Berriatuko Torre baserrira joan zen bizitzera, Jon mutikoa besoetan eta sei hilabeteko haurra sabelean zeramala.
Aitaren aitona ere bertsolari polita omen zela esan ohi zuen; Txirritarekin eta kantatu omen zuen inoiz. Aitari eta osabei ere gustatzen zitzaien bat-bateko bertsotan aritzea eta bertso zaharrak kantatzea. Beraz, jatorritik zetorkion bertsotarako zaletasuna eta iaiotasuna Joni. Alaba Josune ere ikusi genuen inoiz bertsoak kantatzen, baina horren garaian ez zegoen modan “emakume bertsolaria”, bestela…
(Mugartegi berriatuarra eta Azpillaga, Zelaitxon)
Txapelketak
Zepai eta Txapel gaztetan ezagutu zituen; eta gero, Basarri eta Uztapide. Koplatan hasi zen lehenik, Jon Mugartegi 'Juan Astapotxa' alboan zuela. Berriatuko tabernetan kantatzen zuten askotan. Oraindik ere baditut biek kantatuta grabatu nituen bertsoak. Lehenengo 'plaza' Amoroton egin zuten biek, 1950ean. Azpillagak 14 urte zituen, eta Mugartegik, 16.
Euskaltzaindiak antolatu ohi zuen Bertsolarien Txapelketa Nagusian Bizkaiko berrtsolarien txapeldun izan zen, 1961ean; Bizkaiko bigarren, 1959an, 1960an eta 1962an. Eta Bizkaiko hirugarren, 1963an. Euskal Herriko Bertsolarien Txapelketa Nagusian finalista 1960an, 1962an, 1980an eta 1982an. 1960an Donostiako finalera iritsi zen, aurrez lurraldeka egindako kanporaketak gaindituta. Mugartegi eta Azpillaga ziren Bizkaitik urte hartan; Uztapide eta Mitxelena, Gipuzkoatik; Xalbador eta Mattin, Iparraldetik; eta Narbarte eta Perurena Nafarroatik, gero Basarri txapeldunarekin jokatzeko. 1960ko Txapelketa hura baino lehen ezagutzen zituen Xalbador eta Mattin.
1980an egindako bertso batzuetan honela agurtu zuen Manuel Uztapide.
Berriatura azaldu zinan Basarri laguna zala.
Mutiko nintzan, baina oraindik dadukat zure itzala.
Kontu hoiekin gogoratzan naiz atzo pasata bezala.
Zeinek pentsatu gero zurekin ibili behar nintzala?
Azpillaga-Lopategi
70eko hamarkadan Azpillaga eta Lopategiren bertso-lana ezagutu ez zuen herri gutxi izango da Gipuzkoan eta Bizkaian. Bikote berezia izan zen garai batean. Ataunen, Amezketan, Xaldibian, Idiazabalen, Ordizian, Legazpin eta beste hainbat herritako bertsozaleek gogoan izango dutenez. Politika eta gizarte-gaiak sarri astindu zituzten bien artean, guardia zibila ondoren zutela. 1972ko apirilaren 30ean, Uztapide mutu gelditu zen egunean batera zigortu gintuzten. Nafarroan eta Iparraldean ere sarri ibili zen hain maitea zuen ofizioan, ordu txikietan etxera itzuliz.
Bertsolari zaharren miresle
Bertsolari zaharren miresle handia zen: Txirrita, Xenpelar, Basarri, Uztapide… Zenbat bertso zahar ote zekien buruz? Eta nola kantatzen zituen! Hala ere, Pedro Mari Otaño zuen denetan maiteena. Zenbat bertso ikasi ote zizkion buruz!
Pello Otañoren bertsuak entzunda bat hartzen du beldurrak.
Ameriketan gelditu ziran bertsolai honen hezurrak.
Zertako dira etsaiak eta zertako gauza maltzurrak
bertsolaririk onena hantxe estali bazuan lurrak?
Ameriketan
Xalbador bezalaxe, Parisen eta Ameriketan ere ibili zen, Lopategi eta Arregirekin batera. Lehenengo aldian hilabete eman zuten hango lurraldeetan bertsotan:
Mila bederatzi ehun hiru hogei hamalaugarren urtean
hilabete pasa genduan Amerikako partean.
Bihotza triste bazegon ere Euskal Herritik joatean,
ai, zer egunak pasa genitun euskaldunekin batean!
1975ean, neuk gaia emanda, honela kantatu zuen Leitzan:
Amerikara bertsolaria edonoiz ez da juaten,
nahi eta ere joateko era ez baita beti izaten.
Saiatu ginan golfokerian, berdin jaten da edaten.
Baina ezingo gerade hasi eindako denak esaten.
Ezkontza eta familia
Hogeita lau urterekin ezkondu zen, 1960ko urriaren 8an, Isasimendiko alaba Maritxu Arrizabalagarekin. Bikaina bikotea, ederrak neska bezala mutila ere! Egun hartan jantzi omen zuen korbata lehenengo aldiz Jonek, baina ez zuen korbata beharrik mutil ederra izateko.
Seme bat (Jon) eta alaba (Josune) izan zituzten. Andre maitea zen, eta emakumeari itzal handia zion. Euskaltzaindiak antolatu zuen 1982ko Bertsolarien Txapelketa nagusian gai-emaile izatea egokitu zitzaidan, eta, besteak beste, 'kartzelako gaia' horixe izan zen: Emakumea. Honatx Jonen bertsoetako bat:
Emakumea paradisoan Adanekin egondua,
esaten dute beregatikan galdu ote zan zerua.
Emakumeak berekin dauka familiako berua:
Sortutzen digu etxeko poza, sortutzen du ingurua…
Emakumerik ez balegoke akabo gure mundua!
Lanbidez, itsasontzien mekaniko-lanetan ezagutu nuen; eta lan horretan jarraitu zuen erretiro-garaia heldu zitzaion arte. Lan gogorra, baina gustura hura, larunbat eta igandez ez ezik, astegunetan ere sarri bertsotara joateko aukera zuen eta.
Beste bertso asko ere hautatu nezakeen, baina azken hitzak emanda Seguran (1976) kantatu zuen bertso honek laburbiltzen du egoki Azpillaga handiaren ibilbidea:
Munduko bizitza hau hartu behar da umil.
Norberea egin arte bat ez dago trankil.
Misiolari gisa herriz herri nabil.
Nigarrez jaio nintzan, kantuz nahi nuke hil.