Euskaltzaindiak Bilboko Udalarekin urtero sinatzen duen lan hitzarmenak emaitza berriak eskainiko ditu udagoien honetan. Batetik, eta Gabriel Aresti Elkartearekin batera, 'Gabriel Arestiren Euskal Harriak 50 urte' jardunaldia antolatuko da, urriaren 11n eta Akademiaren egoitza nagusian (Plaza Barria, 15). Bestetik, Astelehen Buruzuria kontzertu akustikoen zikloa abiatuko da, lehenengoko emanaldia urriaren 9an izango dela. Ekimen bien helburu nagusia da Bizkaiko hiriburuan euskal kultura sustatzea.
Lehen ekintzak Gabriel Aresti poeta du ardatz. Arestiren Euskal Harria poemarioak 50 urte betetzen dituen honetan, jardunaldi berezi bat antolatu nahi izan du Akademiak, Gabriel Aresti Elkartearekin batera. Honela, urriaren 11n idazle eta euskaltzain bilbotarra ondo-ondo ezagutu zuen jendea bilduko da Bilboko Plaza Barrian. Tartean, Xabier Kintana, Bernardo Atxaga, Arantxa Urretabizkaia, Oskorri taldeko kideak -sei pieza joko dituzte- edo Jon Kortazar.
Horrezaz gain, Andoni Egañak eta Mikel Martinezek ere parte hartuko dute jardunaldian. Bertsolariak Arestik ahozko tradizioaren eta modernitatearen arteko zubia eraikitzen egindako ahaleginak aletuko ditu, eta Mikel Martinez aktoreak idazleak Hernanin emandako hitzaldi ospetsuaren dramatizazioa egingo du. Gainera eta goiz partean, Agustin Ibarrolari gorazarre txiki bat egingo zaio, Susana Jodra ikerlariak Ibarrolak Euskal Harria poema libururako egindako grabatuak aztertuko dituela.
Arratsaldean (19:00etan), Bernardo Atxaga eta Arantxa Urretabizkaiaren arteko solasaldia izango da, eta ekitaldi berean Joseba Sarrionandiaren hitzak entzun ahal izango dira. Euskadi Irratia eta Bilbo Hiria Irratiak zuzenean eskainiko dute jardunaldia.
Koldo Narbaiza Bilboko Euskera eta Hezkuntza Saileko zinegotzi ordezkariak gogoratu du Udaletxean Arestiren lana berreskuratzen ari direla, aspalditik: “Iaz Mailu batekin: Biola batekin liburua publikatu genuen, idazlearen poema ezezagunekin, eta orain dela hiru urte Harri eta Herriren edizio berri bat plazaratu genuen, liburuaren 50. urtemugan”. Andres Urrutia euskaltzainburuak Bilbon euskarak duen presentzia nabarmendu nahi izan du, Arestiren izena eta izana nabarmenduz: “Aresti euskarazko kulturaren zutabe da, eta Bilbon gogoratu behar dugu hori. Ozen esan behar dugu, baita, euskal kultura bizirik dagoela Bilboko kaleetan, bizirik zegoen moduan, erdi ezkutuan izan arren, orain dela 50 urte, euskara batuaren bezperan, Arestik berak Euskal Harria liburua argitaratu zuenean”.
(Xabi Bastida eta Aitor Gorosabel)
Astelehen Buruzuria: sei kontzertu Euskaltzaindiaren egoitzan
Bilboko Udalarekin batera, sei kontzertu akustiko antolatu ditu Euskaltzaindiak, urrian eta azaroan egingo direnak. Urriaren 9an izango da lehena, Aitor Gorosabelek eta Xabi Bastidak (Su Ta Gar) emango dutena; urriaren 16an bigarrena, La Basu eta Maisharekin; urriaren 23an Anariren txanda izango da, eta urriaren 30ean Inun zornotzarrarena.
Azaroan, berriz, Gorka Urbizuk joko du (6an), eta zikloa hilabete bereko 13an amaituko da, Niko Etxartek eskainiko duen kontzertuarekin.
Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira, eta sarrerak 18:30etik aurrera egongo dira salgai (5 euroan), egun berean eta Euskaltzaindiaren egoitzan bertan (agortu arte). Egitasmo berriaren helburuak Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu ditu gaur: “Euskal musika hauspotu nahi dugu, euskaraz jarduten duten musikariei beste plaza bat eskainiz, zuzenean jo dezaten. Horrez gain, eta Udalaren laguntzaz, Bilboko ingurunerik euskaldunenean (Zazpi Kaleetan) ekintza ludikoak bultzatzea da gure nahia”.
'Euskal Harria' poema liburuaren 50. urteurrena aitzakiatzat hartuta, Gabriel Arestiren ibilbidea gogoratuko da Bilbon
Urriaren 11n izango da jardunaldia, eta bertan parte hartuko dute, besteak beste, Oskorri taldeak, Bernardo Atxagak, Arantxa Urretabizkaiak, Xabier Kintanak eta Jon Kortazarrek.
Jardunaldi berean Agustin Ibarrola artista omenduko da. Ibarrolak bere irudiak eskaini zizkion Gabriel Arestiri 1967an, hain zuzen, 'Euskal Harria'ren lehen ediziorako erabili zirenak.
Bilboko Udalarekin eta Gabriel Aresti Elkartearekin batera antolatu du Euskaltzaindiak 'Gabriel Arestiren Euskal Harriak 50 urte' egitasmoa.
“Arestiren lana berreskuratzen ari gara aspalditik. Horregatik, iaz 'Mailu batekin: Biola batekin' liburua publikatu genuen, idazlearen poema ezezagunekin, eta orain dela hiru urte 'Harri eta Herri'ren edizio berri bat plazaratu genuen, liburuaren 50. urtemugan”, esan du Koldo Narbaiza Bilboko Euskera eta Hezkuntza Saileko zinegotzi ordezkariak.
“Aresti euskarazko kulturaren zutabe da, eta Bilbon gogoratu behar dugu hori. Ozen esan behar dugu, baita, euskal kultura bizirik dagoela Bilboko kaleetan, bizirik zegoen moduan, erdi ezkutuan izan arren, orain dela 50 urte, euskara batuaren bezperan, Arestik berak 'Euskal Harria' liburua argitaratu zuenean”, gogoratu du Andres Urrutia euskaltzainburuak.