'Euskaltzaindia: Ibilbidea eta egungo erronkak' hitzaldia eskainiko du Aritz Abaroak, ostegunean, Aretxabaletan
'Euskaltzaindia, hastapenetik gaurdaino. Ibilbidea eta egungo erronkak' izenburupean berbaldi zabala eskainiko du Akademiako teknikariak, 18:30ean, Aretxabaletako kultur etxean.
"Euskaltzaindiaren sorreratik abiatuta erakundeak egin duen ibilbidea aztertuko dut", esan du Abaroak. "Nolakoak izan ziren hastapenak, nortzuk jarri zuten Akademia martxan, zeintzuk izan ziren hasierako erronkak, nola gauzatu ziren eta hasiera horretatik gaur arte, zein ibilbide egin duen Euskaltzaindiak...", azaldu du Akademiako teknikariak.
Horretaz gain, Akademiak izan duen erronka nagusiari ere begiratuko dio Abaroak, hots, hizkuntzaren normalkuntzari. Normalkuntzan emandako urratsak azaldu eta hari honetatik tiraka, gaur egungo Akademiaren erronkak eta lan-ildoak ezagutzeko aukera izango dute entzuleek: teknologia berrietara egokitu beharra, sare sozialak, digitalizazioa, komunikazioa, Akademiaren zerbitzu bokazioa...".