Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskaltzaindiak Baionan sinatu dute, gaur, 2017-2022 epealdirako otsailean izenpetu zen hitzarmen-markoaren aurtengo eranskina. Eranskin honetan lankidetzaren 2017ko ardatz berriak aletzen dira, egitasmo konkretuak aurkeztuz. Besteak beste, toponimo arautu bakoei buruzko grafia arautu bat proposatuko du Akademiak eta argitalpen proiektuen hizkuntza kalitatearen azterketa eginen du. Euskararen profesionalen hizkuntza gaitasuna goratzeari buruzko lankidetzan ere jardungo dute bi erakundeek, eta, era berean, Euskaltzaindiaren beraren lana gizarteratzeko ahalegin berezia egingo dute.
Pozik agertu dira bi erakundeetako arduradun nagusiak, dokumentu berria sinatu ostean. Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak adierazi du aurrerapauso berri bat suposatzen duela Akademiarekin lortutako hitzarmenak, bere hitzetan, “Ipar Euskal Herrian euskararen presentzia indartzeko baliagarri izanen delako”.
Andres Urrutiak egungo eta etorkizuneko erronkak aipatu ditu, elkarlanarekin gaindituko direla azpimarratuz: “Euskararen Erakunde Publikoa, Euskaltzaindia eta hizkuntzaren kalitatea, horra hirukotea eta horra, baita, erronka. Finean, erakunde biek partekatzen baitute helburu edo xede bera: euskara eta euskal kultura aitzinatu”. Kale erabileraren moteltzea ere aipatu du euskaltzainburuak, Baionan: “Jakina da erabilera apaldu dela, eta atal hori indartzeko baliabideak jarri behar ditugu, proiektu konkretuak bideratu, bertako erakundeekin elkarlanean eta gizarte eragileen laguntzarekin. Horren adibide garbia da EEPrekin dugun lan-hitzarmena”.
Hitzarmen-markoaren 2017ko eranskina
● Aurten lagunduko den Euskaltzaindiaren argitalpena izanen da:
Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak Baionan, 2016ko azaroaren 19an, antolaturiko Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa XXI. Jagon jardunaldietako txostenak eta adierazpenak jasotzen dituen argitalpena.
● Aitzineko hitzarmenetan bezala, EEPk eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen duten Hizkuntza jarduera Proiektu Deialdirat aurkezten diren argitalpen proiektuen hizkuntza kalitatearen azterketa egiten segituko du Euskaltzaindiak.
● Toponimoen baieztapen prozeduran, EEPk euskal toponimoez dituen baieztapen eskaeretan agertzen diren toponimo arautugabeei buruzko grafia arautu bat proposatzeaz arduratuko da Euskaltzaindia.
Bi partaideek adostu dute ere toponimia grafian lan egiten duten profesionalak Euskaltzaindiak toponimiaz forma ditzan, formazioak antolatzen ahalko direla ere, beharren arabera, aitzineko urte zenbaitetan gertatu gisara.
● Ikas pedagogia zentroaren argitalpen proiektuen hizkuntza baieztapenean, Euskaltzaindiak eta EEPk adostu dute 2017an kalitatea bermatzeko prozedura egoki bat plantan ezartzea, Ikas zentroarekin lankidetzan. Prozedura hori, Euskaltzaindia eta EEPren arteko Hitzarmen markoaren 2018 uteko eranskinari gehituko zaio, bai eta EEPk Ikasekin alde batetik, eta Euskaltzaindiak Ikasekin bestetik, dituzten hitzarmenei ere.
● Euskaltzaindia ezagutarazteko eta gizarteratzeko Euskaltzaindiak eta Euskararen Erakunde Publikoak lankidetzan jardungo dute Akademiak ematen dituen hizkuntza-arauak eta dituen hizkuntza-baliabideak erabiltzaileei era ikusgarriagoan eta errazagoan eskuratzeko.
● Euskararen profesionalen hizkuntza gaitasuna goratzeari buruzko lankidetza. Horren beharra adierazten duten eragile zehatzei erantzunez, lana euskaraz egiten duten profesionalen maila goratzeko (kazetariak, euskara teknikariak, itzultzaileak, irakasleak, argitalpen ekoizleak eta abar) C1etik gorako hizkuntza-prestakuntza (Europako Erreferentzia Markoaren arabera) formakuntza moduluak antolatzen ahalko ditu EEPk Euskaltzaindiaren laguntzarekin.
● Urteko diru-laguntza: 2017. urterako Euskararen Erakunde Publikoak Euskaltzaindiari ematen dion diru-laguntza 160.000koa da, erran nahi baita 2016an baino 20.000 gehiago.
(Andres Urrutia eta Beñat Arrabit -EEPko lehendakaria-)
Akademiaren hiztegiak eta corpusak, EEPren webgunean
2017ko eranskinak bestelako onurak ere eskaintzen dizkio erabiltzaileari. Gisa honetan, Euskararen Erakunde Publikoaren webgunean Akademiak emandako hizkuntza-arauak eta dituen hizkuntza-baliabideak eskuratzeko parada izanen da. Era bereizgarri eta ikusgarrian erakusten dira baliabide hauek, horretarako lotura propioak sortu baitira.
EEPren web orrian ezarritako loturetan, erabiltzaileak honako atal hauek izanen ditu kontsultagai: 'Hiztegiak eta corpusak', 'Arauak', 'Onomastika' 'Euskararen Herri Hizkeren Atlasa', 'Gramatika', eta kontsulta arinak egiteko 'Jagonet' zerbitzua.
Barnean sartuz, 'Hiztegiak eta corpusak' estekan honako baliabide hauek kontsulta daitezke: 'Euskaltzaindiaren Hiztegia', 'Orotariko Euskal Hiztegia', 'Lexikoaren behatokiaren corpusa', 'Oinarrizko lexiko teknikoak', 'Aita Lhande-ren hiztegia', 'Diccionario vasco-español-francés', eta 'Hitz elkarketa eta maileguzkoa hitzak'.
“EEPk eta Euskaltzaindiak helburu bera partekatzen dute: euskara eta euskal kultura aitzinatu”
2017-2022 epealdirako otsailean izenpetu zen hitzarmen-markoaren aurtengo eranskina sinatu dute, gaur, Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskaltzaindiak.
Eranskin honetan lankidetzaren 2017ko ardatz berriak aletzen dira, egitasmo konkretuak aurkeztuz. Besteak beste, toponimo arautu bakoei buruzko grafia arautu bat proposatuko du Akademiak eta argitalpen proiektuen hizkuntza kalitatearen azterketa eginen du. Euskararen profesionalen hizkuntza gaitasuna hobetzeari buruzko lankidetzan ere jardungo dute bi erakundeek, eta, era berean, Euskaltzaindiaren beraren lana gizarteratzeko ahalegin berezia egingo dute.
Andres Urrutia euskaltzainburuak egungo eta geroko erronkak aipatu ditu bere berbaldian: “Euskararen Erakunde Publikoa, Euskaltzaindia eta hizkuntzaren kalitatea, horra hirukotea eta horra, baita, erronka. Finean, erakunde biek partekatzen baitute helburu edo xede bera: euskara eta euskal kultura aitzinatu”.
Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak adierazi du aurrerapauso berri bat suposatzen duela Akademiarekin lortutako hitzarmenak, bere hitzetan, “Ipar Euskal Herrian euskararen presentzia indartzeko baliagarria izanen delako”.