Gai nagusi horretatik harago, hainbat artikulu irakurtzeko aukera eskaintzen digu zenbakiak:
-Literatura arloan, Beñat Sarasolak euskal literaturan izan diren literatura konparatuari buruzko lehen saiakerez idazten du.
-Gema Lasarte eta Amaia Serranok maskulinitate berriek euskal haur eta gazte literaturan utzitako aztarnetan arakatu dute.
-Jon Kortazarrek, aldiz, Gabriel Arestiren lehen argitalpenen inguruan izan ziren hainbat kontu argituko ditu.
-Gema Lasartek, kasu honetan Letizia Diezekin elkarlanean, eskolatan sortzen ari diren atsotitz berrien gainean egindako ikerketaren datuak aurkezten ditu.
(Gema Lasarte)
-Lexikografian, Win Jansen holandarrak nederlanderatik euskarara mailegatu diren hitzez idazten du. Artikulu hau ingelesez idatzia dago.
-Gotzon Loberak Homeroren 'Odisea' aztertu eta exonomatika alorrean lan horrek eskaini dezakeenaz idatzi du.
-Bukatzeko, Beñat Garaiok .EUS domeinua publiko dela, jada, hiru urte bete direnean, izan duen bilakaeraz gogoeta egin du.
Euskararen biziberritzearen erronkak mintzagai, 'Euskera 2016,2' ikerketa zenbakian
Euskera 2016,2 ikerketa zenbakia irailean argitaratuko da. Zenbaki arrunta (Euskera 2016, 61,1) sarean soilik argitaratu bada ere, ikerketa zenbakia paperean irakurtzeko aukera ere izango da.
Aurtengo ikerketa zenbakiaren gai nagusia Euskararen Biziberritzearen Erronkak jardunaldiak emandako ondorioak izango dira. Horren harira Patxi Saezek eta Bittor Hidalgok euskararen egoera eta erronkei buruzko artikulu argigarriak aurkeztuko dizkigute. Olatz Altunak eta Maialen Iñarrak kale-erabileran jarriko dute arreta. 2016ko azterketak emandako datuak oinarri hartu eta erabilerak dituen erronken gainean hitz egingo digute. Patxi Juaristik, ordea, hiztun komunitateek izan beharko luketen harremanez hitz egingo digu, balore etikoetan oinarritu behar diren harremanez.
Zenbaki honen prezioa 20 eurotakoa da, eta, urtero ikerketa zenbakia jaso nahi izanez gero, harpidetu zaitezen gonbidatzen zaitugu. Harpidetzaren prezioa 18 eurotakoa izango da, bidalketa gastuak barne. Interesa izanez gero Argitalpen eragilearekin harremanetan jarri: Jon Artza: jartza@euskaltzaindia.eus.