Eusko Jaurlaritzak dekretu bat onartu berri du, euskararen jakintza bermatzen duten titulu eta egiaztagiri guztiak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Marko Bateratukoekin baliokidetzeko. Ondorioz, B1, B2, C1 eta C2 mailekin parekatuko dira guztiak. Dekretu honen helburua HABEk (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) ematen dituen tituluak eta Euskaltzaindiaren B titulua sartzea izan da nagusiki, euskararen ezagutza egiaztagiri eta titulu ia guztiak baliokidetuta baitzeuden aurretik ere. Horiekin batera, Herri Ardulararitzaren Euskal Erakundearen (HAEE) eta Osakidetzaren 4. hizkuntza eskakizunak ere baliokidetu dira.
Orain, titulu eta egiaztagiri guztiak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Marko Bateratuarekin baliokidetu dira, zeinek eman dituen gorabehera: HABE, Euskaltzaindia, HAEE Herri Ardulararitzaren Euskal Erakundea, Osakidetza edo Hezkuntza Saila.
Dekretu berriaren arabera,
-B1 mailarekin, titulu hauek parekatuko dira: Herri Ardulararitzaren Euskal Erakundeak (HAEE) ematen duen 1. hizkuntza eskakizuna, HABEren 1 eta B1 mailako egiaztagiria eta Osakidetzaren 1. hizkuntza eskakizuna.
-B2 maila titulu hauek dauzkatenek jasoko dute: Herri Ardulararitzaren Euskal Erakundeak (HAEE) ematen duen 2. Hizkuntza eskakizuna, HABEren 2 eta B2 mailako egiaztagiriak, Osakidetzaren 2. hizkuntza eskakizuna, Ertzaintzaren 1. hizkuntza eskakizuna eta Irakasleen 1. hizkuntza eskakizuna.
-C1 europar maila egiaztagiri hauek emango dute: Herri Ardulararitzaren Euskal Erakundeak (HAEE) ematen duen 3. hizkuntza eskakizuna, HABEren 3 eta C1 mailako egiaztagiriak, Osakidetzaren 3. hizkuntza eskakizuna, Ertzaintzaren 2. hizkuntza eskakizuna, Irakasleen 2. hizkuntza eskakizuna, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eta Euskaltzaindiaren D titulua.
-C2, guztietan mailarik altuena, egiaztagiri hauen baliokidea izango da: Herri Ardulararitzaren Euskal Erakundeak (HAEE) ematen duen 4. hizkuntza eskakizuna, HABEren 4 eta C2 mailako egiaztagiriak, Osakidetzaren 4. hizkuntza eskakizuna eta Euskaltzaindiaren B titulua.
Atzera begira
Aspalditik dator baliokidetze eskaera hau. Andres Iñigo, euskaltzain izateaz gain, Akademiaren ordezkaria da HABEko Patronatoan, eta ondo ezagutzen du tituluen auziaren inguruko historia. "Ezaguna da 1972. urtean Euskaltzaindiak euskararen ezagutza egiaztatu ahal izateko bi titulu sortu zituela, D eta B tituluak. Hurrengo hamarkadan, bai Eusko Jaurlaritzak, bai Nafarroako Gobernuak tituluen gaia bere esku hartu zutenean, D titulu hura EGArekin baliokidetu zen, eta Europako Erreferentzia Markoa abian jarri zenetik, C1 izeneko ziurtagiriarekin. Kontua da urte haietan jende franko izan zela, interes eta ilusio handiarekin D titulua lortzeaz gain, maila altuagokoa zen B titulua ere lortu zuena. Baina azken hau baliokidetu gabe gelditu zen, segur aski urte haietan ez zelako aurreikusi EGA mailatik goragoko titulurik", gogoratzen du euskaltzain nafarrak.
Euskaltzaindiak 1972an sortu zituen D, B eta A tituluei 'Euskal irakasle titulua' izena jarri zien: irakasle izateko D titulua edo Lehenengo Maila, eta irakasle aurreratua izateko B titulua edo Bigarren Maila. Hain zuzen ere, garai hartan ikastoletan eta irakaskuntzan oro har aritzeko beharrei erantzun nahian ezarri ziren titulu hauek. Hori bai, A titulua ematea erabaki bazen ere, ez zen inoiz gauzatu.
Baina, ordutik, B titulu hori Ikaskuntza, Irakaskuntza eta Ebaluaziorako Europako Erreferentzia Markoaren zein mailarekin parekidetu daitekeen zehaztea falta izan da, eta hori bera eskatu zion Akademiak, aspaldi eta bere Jagon sailetik, Eusko Jaurlaritzari: hots, bere garaian B lortu zutenei baliokidetu ahal izatea egun indarrean dagoen C2 izenekoarekin.
Eta hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak aitortu duena onartu berri duen Baliokidetze Dekretuarekin. "Eskertzekoa da hartutako erabakia, hain zuzen ere, horren bitartez, bere garaian ilusio, interes eta esfortzu bereziarekin B titulua lortu zutenei, haietako anitzentzat beranduxko bada ere, merezi duten errekonozimendua aitortzen zaielako, Euskaltzaindiaren kasuan B titulua lortu zuten 240 pertsonei", zehaztu du Andres Iñigok.
Esan gabe doa, EGA eta haren pareko tituluei aitortutako maila baino jasoagoa izan behar zuela ezinbestean, besteak beste, D titulua eskura izatea behar-beharrezkoa baitzen B titulura aurkeztu ahal izateko. Zentzu honetan, hauxe da Europako Marko honek C2 mailakoentzat ezarritako eskala orokorrean zer esaten duen: “Gai da irakurtzen edo entzuten duen ia guztia erraz ulertzeko. Badaki idatzizko nahiz ahozko iturri desberdinetatik datorren informazioa eta argudioak berreraikitzen, eta era koherentean eta labur adierazten. Badaki bat-batean, jariotasun handiz eta zehaztasunez gauzak adierazten, eta esanahiaren ñabardura txikiak bereizten ditu, baita konplexutasun handiko egoeretan ere”.
Euskaltzaindiaren B titulua aitortu du Eusko Jaurlaritzak
Dekretu baten bitartez, Akademiaren B tituluarekin batera, Herri Ardulararitzaren Euskal Erakundearen (HAEE) eta Osakidetzaren 4. hizkuntza eskakizunak, eta HABEren 4. mailako egiaztagiriak C2rekin baliokidetu dira.
Andres Iñigo (euskaltzaina eta HABEko Patronatoan Euskaltzaindiaren ordezkaria): "Eskertzekoa da hartutako erabakia, hain zuzen ere, horren bitartez, bere garaian ilusio, interes eta esfortzu bereziarekin B titulua lortu zutenei merezi duten errekonozimendua aitortzen zaielako; Euskaltzaindiaren kasuan B titulua lortu zuten 240 pertsonei".
Idatzi iruzkina