Baionan egin da, lehen aldikoz, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoko liburuki baten aurkezpena, VIII. Liburukiarena. Beraz, berezia izan da aurkezpena, ezta?
Bai, pozgarria izan da. Batetik, hemengo euskararen bizigarri eta erakusgarri den aldetik, baina, bestalde, Dialektologia Atlasak Iparraldearekin duen zorra kitatzera edo poxi bat gutxitzera baitator. Iparraldeko hizkera-edukien partea handia da Atlasaren osotasunaren barruan, eta are handiagoa esango nuke, bildu den informazioaren ugaritasunean eta kalitatean.
Ipar Euskal Herriko edozenbat herritan aplikatu da inkesta, beraz.
Bai, Iparraldeko 45 herri edo gunetan aplikatu zen inkesta 1987-1992 bitarteko aldian. Orotara, Lapurdiko 15 herritan, Nafarroa Behereko 18tan, eta Zuberoako 12tan. Pirinioz beheitiko lurraldean, Bizkaia eta Gipuzkoako inkesta-puntuak 36 ziren lurralde bakoitzean, 27 Nafarroan eta bat Araban. Iparraldeko inkesta-puntuen halako bi eta gehixeago.
Eta zer nolakoak izan ziren inkesta horiek?
Sakonera handiko inkesta egin zitzaion berriemaile bakoitzari: 3.000 galderaz osaturiko galde-sorta, orotara, baina erantzun osoa eta inguru-informazioa biltzeko asmoz bikoizten eta batzuetan hirukoizten zen galde-sorta. Hortik kontua atera daiteke, bildurik den euskal tradizio ondarearen neurriaren eskerga. Bildutako ondarearen ardatz nagusia da liburukiotan argiratzen dena, baina beste albo- edo inguru-gai anitz daude bildurik eta sailkaturik, etorkizuneko ikerkuntzen azterkizun.
Eta, nolako profila zuten Ipar Euskal Herriko berriemaileek?
Inkesta burutu zen aldian -hiru hamarkada edo hurbil iragana da ordutik-, orduan ere adinean aitzina ziren Iparraldeko berriemaileak; bataz beste, Hegoaldekoak baino edadetuagoak zirela. Berriemaile haiek ezagutu eta bizi izan zuten munduaren, bizimoduaren alde handi bat joana da, galdua da. Inkesta egin izan zen aldian berean ere ahantzixe edo galduxe zegoen galdegiten zen informazioaren atal handi bat.
Lanbideak desagertu diren heinean, hitzak ere zokoratzen dira.
Hori da. Esaterako, VIII. liburuki honetan aipatzen diren zenbait langintzaren inguruko izenak joanak dira, ahantziak, langintzekin berekin batera, hartarako erabiliak ziren lanabes, tresna eta tramankuluekin batera. Ogia edo garia gaur ere bada, baina haren inguruko langintzak ez du lehengoarekin ikustekorik. Soroa prestatu, belarra erein, ebaki, idortu eta gainerako prozesuak ere guztiz bestelakoak dira orain eta lehen. Lanabesak eta langintzak aldatu diren ber, inguruko izendegi guztia ere aldatua da, halabeharrez. Gizartearen lan-prozesuekin batera doa hizkuntza ere aldatzen.
Hizkuntzaren transmisioan badu eraginik horrek?
Dudarik gabe. Euskararen eta tradizioko mundu horren transmisioa bera hautsirik gertatu da inkesta burutu zen aldi hartan bizirik zegoen anitz herritan; ez guztietan, baina bai hainbatetan.
Atlasari balio erantsia ematen dio horrek.
Jakina. Denboraren jin-joan horrek berdingabeko balioa ematen dio Atlasaren edukiari, XXI. mendean aitzinatuak gauden une honetan, egungo begiz ikusita. Atlasaren balioa datza, besteak beste, erreferentziazko eduki bihurtu dela egungo eta geroko belaunaldiei buruz. Gure aitzineko euskaldun izan direnen ondare bizia dugu Atlasa, hala irakaskuntzan, hala aisialdian, hala bestelako euskara biziberritzeko ariketa eta jardueretan lagungarri eta osagarri gertatu behar lukeena. Adinekoentzat ezagunagoa dena berrezagutzeko edo ikasteko gazteek ere aukera izanen dute hemendik aitzina.
Eta Euskaltzaindiaren web orrian kontsulta daiteke, oso-osorik.
Liburukiok, paperez astunak badira ere, sarean kontsulta arin eta erraz egiteko era eskaintzen du Euskaltzaindiaren webguneak. Zortzi liburukiok PDF formatuz sarean dira. Eta berriemaileek galderei emaniko erantzunak soinuz entzuteko ere bai, oraingoz guztiena ez bada ere.
Urteetako lana da Atlasarena, talde handi baten esfortzuarekin egina, ezta?
Zelan ez, eta, horregatik, nire aurretik Atlasaren zuzendari akademiko izan direnak gogorarazi nahi nituzke: Jean Haritschelhar, Beñar Oiharzabal eta Andolin Eguzkitza, iraganaren oroigarri. Baina ahantzi gabe Atlasaren oraina eta atlasgintzan diharduten gaurko lankideak. Atlasa talde-lana da, elkarlana. Anitzen izenak dira hor aipagarri, baina nik bereziki aipatu nahi ditut orain ari direnak: Xarles Videgain arduraduna, eta Aritz Abaroa, Gorka Intxaurbe eta Amaia Jauregizar teknikariak.
Eta proiektua hasieratik babestu duten erakundeak, urteetan dabiltzanak horretan.
Bai, nabarmentzekoa da Atlasaren egitasmoa aitzinatzeko euskararen lurraldeetako Herri Erakundeek ematen diguten laguntza eta babes jarraikoa. Eta, gaurko egunez, berariaz Laboral Kutxa, zeini esker argitaratu baitira zortzigarren liburuki hau eta aurreko zazpi liburukiak.