Arlo teknikoetako erabilera berariaz aztertzeko eta oinarrizko lexikoak osatzeko, Euskaltzaindiak Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko egitasmoa abiarazi zuen (ZTHB). Egitasmo horren lehen emaitzak 2016an argitaratutako Matematikako, Fisikako eta Astronomiako oinarrizko lexiko teknikoak izan dira. Oraingo Kimikako Oinarrizko Lexikoa ere ildo beretik eta metodologia bera erabiliz egin da.
Oinarrizko lexiko teknikoak. Azalpenak dokumentuan dago metodologia horren azalpen zehatza. Kimikaren kasuan, testu-baliabide espezializatu hauek erabili dira:
-Arloko testu-bilduma, egitasmo honetarako berariaz egina (2.025.719 hitz).
-Arloko web-corpusa, Elhuyarrek Internetetik automatikoki sortua (778.520 hitz).
-Zientzia eta Teknologiaren Corpuseko 'Materia eta energiaren zientziak' eremuko azpicorpusa (504.406 hitz).
Testu-bilduma horietatik, oinarrizko lexikorako hautagaiak automatikoki erauzi dira, Elhuyar eta Ixa taldearen Erauzterm termino-erauzlea erabiliz. Gero, kimika-arloko aditu batzuek hautagai horietako batzuk aukeratu dituzte. Adituen taldea zortzi lagunek osatu dute: Sonia Arrasate (EHUko Kimika Zientzien Fakultatea - Kimika Organikoa II); Dolo Azpiroz (IRALE); Maria Jesus Barandiaran (EHUko Kimika Zientzien Fakultatea-Kimika Aplikatua); Eider Carton (Elhuyar Fundazioa); Juankar Hernandez (EIMA); Marian Iriarte (EHUko Kimika Zientzien Fakultatea-Polimeroen Zientzia eta Teknologia); Jacinto Iturbe (EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle ohia); Martin Olazar (EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatea-Ingeniaritza Kimikoa saila).
Azkenik, ZTHB lantaldeak adituek hautatutako kontzeptuak adierazteko hitzak areago dokumentatu, aztertu eta, adituekin adostu ondoren, Euskaltzaindiari aurkeztu zaion proposamena landu du. Dokumentaziorako, hiztegi espezializatuak, datu-base terminologikoak (Euskalterm), hiztegi orokorrak eta corpusak erabili dira.