Gaur goizean, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak Nafarroako Gobernuaren 149.000 euroko ekarpen bat jasotzen duen hitzarmena sinatu dute.
Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez, eta Euskaltzaindiak, kultura-proiektuak egiteko lankidetzarekin jarraituko dute 2017. urtean. Xede horretarako, lankidetzaren oinarri orokorrak ezartzen eta bi entitateek hartuko dituzten konpromisoak arautzen dituen hitzarmena berritu dute gaur bi erakundeek, Iruñeko Nafarroako Jauregian.
Hitzarmen honetan, Nafarroako Gobernuaren 149.000 euroko ekarpena jasotzen da, eta sinatzeko ekitaldian Andres Iñigok, Euskaltzaindiko ordezkari gisa, eta Mikel Arregik, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ere parte hartu dute.
Ekitaldian Iñaki Caminoren 'Amiküze eskualdeko eskuara' liburua aurkeztu da, hain zuzen, iaz sinatutako hitzarmenaren barruan egin dena. Mendaur bildumaren barruan argitaratu da eta Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak bilduma hori abian jarri zutenetik hamaikagarren lana da. Egileak azaldu duen moduan, Nafarroa Behereko herri horren (Amiküze) euskararen azterketa filologiko sakona egiten du bertan.
Euskararen onomastika, toponimia eta hiztegiari buruzko azterlanak
Zehazki, lau proiektu finantzatzeko erabiliko da Nafarroako Gobernuak emandako diru-laguntza:
1. Euskal Corpus Onomastikoari buruzko lanarekin jarraitzea.
2. Onomastika eta Toponimiari buruzko lanekin jarraitzea, emaitzak gizarteratuz.
3. Euskalkiei buruzko "Euskara ibiltaria" erakusketa, Nafarroako Parlamentuarekin lankidetzan egindakoa.
4. Joakin Lizarragaren hiztegiaren azterlana.
Aurkezpenean hauxe nabarmendu du kontseilariak: "Normalizatzeko eta lankidetzan aritzeko helburuari erantzuten dio, euskara gure Komunitateko berezko hizkuntza bat gisa garatzeko eta aztertzeko". Horrez gain, adierazi du ez duela nahi "euskara laborategi filologiko batean aztertu eta gordetzen den erlikia eta kultur altxor bat izatea". Horregatik, Gobernuak Euskaltzaindiaren helburu bera duela nabarmendu du, hots, "gure hizkuntzaren gizarte-estatusaz arduratzea".
Bere aldetik, Andres Urrutia pozik agertu da hitzarmen berriak ahalbidetuko dituen egitasmoengatik. "Nafarroako Gobernuarekin betidanik izan dugun elkarlanerako joera berretsi dugu gaur, eta pozgarria da laster ehun urte egingo dituelako Akademiak, eta mendeurren horretan ere gure ondoan ditugulako Nafarroako erakundeak, bere sorreran eragin zuzena izan zutenak".
Euskaltzaindiaren sortzailea
Nafarroako Foru Aldundia Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat izan zen 1918. urtean, euskara garatzeko helburuarekin. Harrezkero, Nafarroako Gobernuaren eta Euskaltzaindiaren arteko harremanak ez du etenik izan. Horri esker, kultura-erakundearen sustapena eta laguntza izan duten hainbat ekimen abian jarri dira.
Gaur sinatu duten hitzarmenarekin Gobernuak erakunde akademiko horri ematen zizkion diru-laguntzekin jarraitzeko aukera egongo da. Horrela, Euskaltzaindiak euskararen garapenarekin eta araudiarekin zerikusia duten gaiak aztertzen eta zabaltzen jarraitu ahalko du.
Nafarroako onomastika eta toponimia ikertzen eta gizarteratzen jarraituko du Euskaltzaindiak
Nafarroako Gobernuak eta Akademiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute 2017. urterako. Akordio honen bitartez, 149.000 euroko ekarpena jasotzen du Euskaltzaindiak.
Besteak beste, Nafarroako onomastika eta toponimia ikertzeko eta gizarteratzeko eta Joakin Lizarragaren hiztegia aztertzeko erabiliko da laguntza.
Andres Urrutia: "Nafarroako Gobernuarekin betidanik izan dugun elkarlanerako joera berretsi dugu gaur”.
Iñaki Caminoren 'Amiküze eskualdeko eskuara' liburua ere aurkeztu da gaurko ekitaldian, hain zuzen, iazko hitzarmenaren barruan egindako lan mardul eta mamitsua.
Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria; Iñaki Camino irakasle eta ikerlaria; eta Mikel Arregi Euskarabideko zuzendaria)