Roberto Gonzalez de Viñaspre: "Etorkizun itxaropentsua du euskarak Errioxan"
Araba Euskaraz-ekin bat egin du, gaur, Euskaltzaindiak, eta Bastidan izan dira, goiz partean, Patxi Uribarren euskaltzaina, Roberto Gonzalez de Viñaspre Akademiaren Arabako ordezkaria eta Erramun Osa idazkariordea. Arabako ikastolen aldeko jaialdian, Gonzalez de Viñasprek mezu positiboa helarazi nahi izan du, gaurko egun eguzkitsua baliatuz: "Errioxako lur emankorrean erein zuen hazia Bastida ikastolak 1979. urtean, eta harrezkero fruitu emankorrak bildu ditu ikasturtez ikasturte. Egungo lana ere bihar-etziko zimentarri sendoa izango da, dudarik gabe. Etorkizun itxaropentsua du euskarak Errioxan, eta ikastola honetako eta oro har Errioxako neska-mutil guztiak dira etorkizun itxaropentsu horren jabe".
Bastidako irakasle, ikasle eta gurasoen esfortzua ere goraipatu du euskaltzain urgazleak, eta Euskaltzaindiaren esker ona helarazi die "eguneroko jardunean euskararen alde egiten ari diren guztiagatik".