Andres Urrutia euskaltzainburuak ere animau zuen horrelako lanak egiten jarraitzera, bere ustez “liburu honek euskal letretan falta izan zaiguna dakarrelako. Hemen zeozertaz idatzi izan bada Jainkoa eta Elizaren inguruan izan da, baina lan honek argitzen du azken ehun urteotan idazleek Jainkoa nola ikusi duten”. Urrutiak testuan aurkitu daitekeen diziplina artekotasuna, “teologia eta literaturaten arteko uztarketa”, azpimarratu zuen.
Bere aldetik, Sebas Gartzia Trujillok azaldu zuen asko errezatu behar izan duela azalpen 'arrazoigarriak' aurkitzeko eta hitz hori erabiltzeko euskaltzainburuaren oneritzia eskatu zuen: “Liburu honetan aztertu ditudan hamaika lekukoetatik batek ere ez zion misterioari uko egin; nahi genuke holako jarrera gaur egungo indiferenteen aldetik”.
Idazlearen esanetan, “ohituta gaude sinismenera bide bakarretik hurbiltzen”, baina gaurko erlijioaren krisiaren arrazoi nagusiak zeintzuk diren aztertzerakoan “konturatu behar dugu erlijio-orratza aldatu egin dela eta desorientatuta gaudela”. “Apaltasunez eta errespetuz jokatu beharko genuke, baina gehiagotan maisu-dotoreen itxura hartu dugu”, gaineratu zuen euskaltzain urgazleak.
Jon Kortazar EHUko irakasleak lanaren edukia nabarmendu zuen, esanez Gartzia Trujillok poesia modernoaren azterketa egin duela “transzendentea den zer hori aztertzerakoan”. Bere ustez, mugan dauden poetek, “Aresti edo Lete esaterako”, joko handiagoa eman dute euren sinesmenetan ziur daudenak baino, “Agirre eta Orixe adibidez”.
Amaitzeko, Angel Mari Unzueta bikario nagusiak Sebas Gratzia Trujillo “omniboroa” dela esan zuen: “ekonomilaria, futbol zalea, idazlea… baina, batez ere, fededuna”.