Greenpeace(-)en ala Greenpeace(-)ren? Allahren izenean ala Allahen izenean? Bungalowko atea ala bungaloweko atea?
Erdal hitzen deklinabidea (184. araua) argitaratu du Euskaltzaindiak.
Erdal hitzak noiznahi agertzen dira euskarazko testuetan, hitz arruntak (yuppie, gruyere, xah, cash flow...) zein leku-izenak (Cannes, Zürich...), zein pertsona-izenak (François, Shakespeare...), zein bestelakoak (Greenpeace, Rolls-Royce...). Eta halakoak nola deklinatu argitzeko prestatu du araua Akademiak.
Izen horietako batzuek arazorik gabe deklinatzen dira, hala ahoz nola idatziz. Beste batzuetan, berriz, zalantzak sortzen dira, batez ere ahoskera eta idazkera bat ez datozenean.
Hori guztia aztertzen da arauan, eta irizpide zehatzak ematen dira jakiteko nola jokatu idaztean eta ahoz esatean.
Arauaren bigarren partean, h, y edo w letraz amaitutako erdal hitzak deklinatzeko irizpideak zehazten dira kasu bakoitzerako. Horrelako amaierak ez dira inoiz gertatzen euskal hitzetan eta, horregatik, irizpidea deskribatu eta zehaztu du Euskaltzaindiak, zalantzak argitzearren.
Exonomastika batzordea