Bi urte daramatzazu Iruñeko Udala gobernatzen, lau alderdiren arteko koalizioaren buru zarela. Nola doakizu esperientzia? Pentsatu baino gogorragoa da? Samurragoa?
Espero genuen esperientzia polita bezain gogorra izango zela. Zalantzarik ez dago alderdi bakarreko gobernuan errazagoa dela dena, erabakiak azkarrago hartzen direla, eta oro har, norabide berean eta helburu partekatuak lortzeko lan egiten dela. Lau alderditako koalizio batean, aldiz, erabaki guztiak adostu behar dira, interes ezberdinak daude askotan, eta jatorri eta ibilbide ezberdinetako jendearen artean adostasuna bilatzea ez da lan erraza. Baina alde positiboa ere badu, alegia, Iruñeko aniztasuna ordezkatua dagoela gobernuan.
Oposizioak gogor egin dizue bi urte hauetan, baina, kalean, zer esaten dizu jendeak? Kritikatzen zaituzte? Herritarren berotasuna sentitzen duzu?
Kalera ateratzen naizenean jende asko gerturatzen zait, batzuk zoriontzera, beste batzuk, aldiz, ardurak eta kezkak kontatzera. Eta hori bere horretan oso polita da, jendearen gertutasuna sentitzea eta zurekin konfiantza dutela ikustea. Orokorrean, aldaketaren alde bozkatu zuen jendea pozik dagoela esango nuke, eta aldiz, aldaketaren beldur zirenek ikusi dute ez dela eskuinak iragarri zuen apokalipsia iritsi, eta gauzak normaltasun politikoaren baitan egiten ari garela.
Zarata mediatikoa ere nabarmena da. Horrek baldintzatzen du zuen lana?
Aldaketak badu bere ibilbide orria, eta bere erritmo propioa; alde horretatik, behintzat, giro mediatikoak ez du gobernuaren lana baldintzatzen, nahiz eta egia den eragina baduela eta, sarritan, egiten dugun lanean baino, aspektu periferikoetan zentratzen dela eztabaida publikoa. Oposizioari buruz ezin gauza bera esan, sarri badirudi hedabide jakin batzuk markatzen diotela erritmoa.
Alde horretatik, eta kritikak kritika, zer esango zenioke hiritar guztientzat gobernatzen ez duzula pentsatzen duen iruindarrari?
Inbestidura hitzaldian esan nuen, eta gerora ere askotan errepikatu izan dut, bozkatu ninduen jendearentzat, noski, eta batez ere, bozkatu ez ninduen jendearentzat gobernatzen saiatzen naizela, hain zuzen, nire aurretik egon zirenen sektarismoan erori nahi ez dudalako.
"NORBERAREN KULTURAREN OINARRIZKO OSAGAIAK ARBUIATZEA HERRIALDE GARATUETAN NEKEZ EZAGUTZEN DEN FENOMENOA DA"
80. hamarkadatik, Iruñeko Udalak euskararekiko jarrera apala erakutsi izan du. Argi dago joera hori aldatu dela. Iruñeko Udala euskara sustatzearen alde dago? Alde horretatik, zein jarrera du Udalak eta zeintzuk izango dira jarraibideak ondorengo bi urteetan? Hiritarrek sumatuko dute jauzi nabarmenik?
Iruñea jatorrizko bi hizkuntza dituen hiria da, eta bi hizkuntzak babesteko eta sustatzeko betebeharra du Udalak. Premisa horretatik abiatuta egin behar dugu lan, eta, ildo horretan, gauza ugari egin ditu udalak dagoeneko euskara sustatzeko: euskarazko udal kultur eskaintza bikoiztu egin da, lehenengo aldiz Civivox kultur etxeetan euskarazko programazioa sartu dugu, haur eskoletan handitu egin da euskarazko eskaintza, bikoiztu egin da euskara zerbitzuari bideratutako aurrekontua, itzultzaile taldea handitu dugu udaleko komunikazioa ele biz izan dadin... Alde horretatik, euskararen ordenantza eguneratzeko akordioa hartu zuen gobernu talde honek, eta horretan dihardugu lanean. Datozen bi urteetan egin beharreko gauzen artean garrantzitsuenetakoa izango da hau.
Hau dena diogu, ze, oraintsu, haur-eskolen auzian pauso positibo bat eman bada ere, txikia izan baita kopuruz (zuzen bagabiltza, hogei urtez, Iruñeko 14 haur eskoletatik bitan baino ez da euskaraz hezteko aukera eman, eta eskaintza hori beste bi auzotara hedatuko da orain; beraz, lau 14tik). Lorpen urria baina esanguratsua dela esan daiteke?
Afera honetan, kopurua baino joera aldaketa da garrantzitsuena. Hau da, orain arte zegoen eskaintza orain dela 33 urteko eskaintza bera zen, orain haur hezkuntzan daudenen aitona-amonek ezagutu zuten eskaintza bera, alegia. Eta hori, Iruñeko errealitate soziolinguistikoa aintzat ez hartzea zen. Hori dela eta, eskaintza euskarazko 2 eskoletatik 4 eskoletara pasatzea erabaki genuen udalean, eta 4 eskola horiek Iruñeko iparraldean zein hegoaldean kokatzea, guztiak auzo jakin batzuetan ez kontzentratzeko. Badakigu eskaintza horrek ez duela oraindik eskaria bermatzen, familien %38.5k nahi baitu seme-alabak euskaraz matrikulatzea eta %26.6k bakarrik izan du aukera, baina eskaintza hobetzeko lanean jarraituko dugu.
Eta zer esango zenieke erabaki hau 'inposizio' bat dela aipatzen duten alderdi politikoei?
Aukerak zabaltzea ezin da inposizioa izan. Jendeari seme-alabak euskaraz ala gaztelaniaz matrikulatzeko aukera ematea ez da inposizioa, baina euskaraz matrikulatu nahi dituztelarik, aukera hori ez ematea, bai da inposizioa. Iruñeko egoera soziolinguistikoa ukatzea da niretzat inposiziorik handiena.
Oraintsu, nafar politikari batek aipatu du euskara ez dela 'beharrezkoa'. Nolatan uler daiteke norbere hizkuntzarekiko gorroto eta destaina hori? Noiztik dator mesfidantza edo herra hori?
Nafarroako tradizio eta elite eskuindarren artean oso zabalduta dagoen joera da “autogorrotoarena”, eta zoritxarrez aspalditik dator joera hori. Nik neuk ez dut oso ongi ulertzen nola den posible gure izaera askotariko eta aberatsaren parte diren elementu batzuk (euskara, euskal folklorea, euskal kultura...) gorrotatzea eta azalpen bakarra aurkitzen diot: ezjakintasuna. Gure herria zer den eta nondik datorren ez ezagutzetik dator “autogorrotoa”.
"GURE HERRIA ZER DEN ETA NONDIK DATORREN EZ EZAGUTZETIK DATOR 'AUTOGORROTOA"
Eta zer diote UPNko euskaldunek?
Gustatuko litzaidake jakitea zein den UPNko euskaldunen ikuspegia, pentsatzen dut hori beraiei galdetu beharko zaiela.
Nafarroan, baina ez bakarrik Nafarroan, euskara sarritan erabili izan da gatazka politikorako. Zergatik uste duzu gertatzen dela hori? (Zergatik ez erabili hizkuntza balio duenerako, hots, kohesio-tresna moduan?)
Norberaren kulturaren oinarrizko osagaiak arbuiatzea herrialde garatuetan nekez ezagutzen den fenomenoa da. Aldiz, herrialde kolonizatuetan maiz ezagutu den joera da. Zoritxarrez, hemen ere antzeko joera nabari dugu, eta kultur osagai propioak arma politiko gisa erabiltzen dira ideia politiko batzuk ala beste batzuk defendatzeko.
Maiatzaren 26an, hirugarrenez egin zuen Euskaltzaindiak bere Osoko bilkura Iruñeko udaletxean. 2013an egin zen lehena, eta 2016an bigarrena. Hori ere bada, neurri txiki batean, zuek iragarri zenuten aldaketaren seinale?
Noski. Euskaltzaindia euskararen garapen eta babeserako dugun tresna garrantzitsuenetakoa da eta, alde horretatik, Udal honek Euskaltzaindiarekin elkarlana bultzatu nahi du.
Udalarekin 1997an sinatu zen hitzarmena ia-ia urtez urte berrikusi eta berriztatu da. Horri eusteko gogoa dago? Etorkizunean Akademiarekin sinatutako hitzarmena hobetu edo zabaltzeko asmorik bai?
Ahal dugun neurrian halaxe egingo dugu. Euskaltzaindia sortu zenetik, nafar erakundeak parte garrantzitsu eta ezinbesteko izan dira Akademiaren garapen historikoan, eta halaxe izaten jarraitzea nahi dugu.
"KALE IZENDEGIAN ALDATU ETA ZUZENDU BEHARREKO GAUZAK DAUDE, ORAIN ARTE EZ ZAIOLAKO GARRANTZIA GEHIEGIRIK EMAN"
Iaz, kale-izendegia berrikusi eta aztertzeko agindua hartu zuen Akademiak zuen eskutik, eta laster izango du Udalak txosten hori. Hortaz, kale-izendegia aldatzeko asmoa dauka Udalak?
Kale izendegian aldatu eta zuzendu beharreko gauzak daude, orain arte ez zaiolako garrantzia gehiegirik eman kaleak modu jatorrean euskaratzeari. Sarri askotan, kalearen izena gaztelaniaz utzi eta azpian 'kalea' jartzearekin nahiko zela uste zuten lehengo agintariek. Horregatik, Euskaltzaindiak egindako lana aztertu eta balioetsiko dugu, eta beharrezko diren eguneratzeak eta zuzenketak egingo dira.
Nafarroako Gobernuak erabaki du euskarazko argitalpenetan euskal izenak erabiltzea, baina udalen esku egongo da euskarazkoa ofiziala izatea ala ez. Iruñean ere bada eztabaida (Iruña edo Iruñea aldaerekin). Euskaltzaindiak aspaldi eman zuen bere gomendioa (Iruñea), eta, hala ere, bizirik jarraitzen du auzi honek. Badu konponbiderik?
Ditugun txostenen arabera eta Euskaltzaindiak aspaldi eman zuen gomendioan oinarrituz, Iruñea da forma egokia eta koherentzia gramatikala gordetzen duena, eta hartara, afera aztertzen ari gara izen egokia ezartzeko asmoarekin.
Nafarroako Gobernuak aditzera eman duenez, gora egin du euskaldunen kopuruak Foru Erkidegoan. Gazteen artean, ezagutza asko igo da (antza, %10etik %25era). Iruñean baduzue antzerako daturik? Hau da, zeintzuk dira euskararen zifrak hirian?
Foru Erkidegoaren joera bera jarraitzen du Iruñeak ere. Kalean gero eta gehiago entzuten da euskara, euskararen presentzia, nolabait esateko, zabaldu egin da kalean, eta jendearen jarrera euskararekiko ere aldatuz doa, biztanleriaren %37,6k du euskararen erabilera sustatzearen aldeko jarrera.
Zer nolako harremanak ditu Udalak Euskararen Nafar Kontseiluarekin? (asmo edo proiektu komunik bai?)
Harremana badago, baina harreman hori ez da ofizialki hitzarmen batean gauzatu.
Euskararen alorrean, EAEko eta Ipar Euskal Herriko hiriekin baduzue ezelako proiekturik edo elkarlanerako asmorik?
Momentu honetan Iruñeko Udalaren baitan euskararen egoera aldatzeko lanean ari gara buru belarri, lan handia baitago egiteke. Euskararen ordenantza eguneratzen dugunean beste egoera bat izango dugu eta orduan agian posible izango da beste udalerri batzuekin elkarlan proiektuak egitea, baina egia da udalerri bakoitzak oso egoera soziolinguistiko ezberdinak dituela eta tokian tokiko euskararen testuingurua arras ezberdina dela.