50 urte igaro dira, nork esango eukean!, orain mende erdi Mungia erdian, San Pedro elizaren gela apal batean erne zen hazia honetaragino helduko zenik. Urteak joan, urteak etorri, hazia erein eta erne zen hura landaretu, trungutu, loratu zen, eta ikastolatxoa zena ikastolatoa bihurtu da. Hasiera hartako guraso eta lagun euskaltzaleen ametsa egia bihurtua; Larramendiren lelo beraz, “el imposible vencido”.
Belako aldeko egoitza berdingabe honetara batzen dira ikaskuntza prozesua euskaraz garatzeko, parajeko eta asagoko ume, kaskondu, berdingoak, neska-mutilak. Maisu-maistra, irakasle ondo trebatuen gidaritzapean seinzarotik gaztezarora euskaldun maldul bihurtu arteino.
Euskaltzaindiak, Larramendi ikastola eta Bizkaiko Ikastolen Elkartearen gogoaz bat egin nahi du gaur, egunero alkarregaz euskara jagon, sendotu eta gizarteratzeko ahalegin horretan. Eskertu, egiten diharduzuen lana eta adore eman, zuen lanaren fruituak gehiagotu daitezen.
Jata eta Sollube mendiek alde batetik eskaintzen dioten ezkutua gorabehera, Mungialdeak eta bertoko euskarak, bertoko euskaldunek, indargetzen joateko arrisku bizia duzue beste alderdietatik, batez ere Bilbo Nagusi populatuaren hurkotasunagatik. Mungialdea Lauaxeta dugu; lau haizetara zabalik eta haien afrontupean dago Butroialdea, erdararen haize erauntsien mehatxupean. “Ene Bizkaiko euskararen meatze gorri, zauri zarie mendi hezean”.
Ikastolen eta irakaskuntza sarearen esku ez daude gure ahuldadearentzako osagarri guztiak, baina batzuk bai. Euskara, hezkuntza eta gizartea saretzen asko lagundu duzue orain artean, eta harabere gehiago eskain dezakezue, Ibilaldia bultzatzen duzuen ikastolek, gizarte euskaldunago eta hizkuntzaz normalduago baten alde.
Euskaltzaindiak hats, arnas eta adore eman nahi dizue zeuen jardunean, arduradun, irakasle, guraso eta ikasleoi.
Uxela zuen eta gure ametsak bete balitez belaunaldi gutxi batzuetan. Euskararen biziraupena, sendotasuna eta ongizatea jaresteko bide latz horretan, uxela Larramendiren ametsa egia bihur baledi: Ezina, egina.
Ondo etorriak, euskarari bultz egitera Mungiara parajetu zareten euskaltzale guztiok.”
Adolfo Arejita (euskaltzain osoa eta Iker saileko burua)