Egoera honen aitzinean, Nafarroako Gobernuak orain aurkeztutako proiektuaren xedea da, lehenik eta behin, 2003koa alde batera uztea eta, aldi berean, tresna berri bat izatea euskararen erabileran urrats berriak egin ahal izateko.
Jakina da dekretuak ezin duela bere gainetik duen legea gainditu, alegia, ezin duela urratu gainetik duen lege horren marko juridikoa (kasu honetan, 1986ko Euskararen Legea). Baina egia ere bada, jokatzeko moduaren arabera, zuhurtziaz ala ausardiaz, modu ezberdinean aprobetxatzen ahal direla legearen zirrikituak.
Euskararen Nafar Kontseiluak oniritzia eman ondotik, Nafarroako Gobernuak onartu nahi duen dekretu berriari dagokionez, Foru Komunitateak euskararen garapenerako, normalizaziorako eta etorkizunerako behar duen tresnarik egokiena ez da. Hala ere, argi samar ikusten da indarrean dagoen 2003koa baztertu eta urrats berriak egiten hasteko baliagarria izaten ahal dela, Nafarroako Parlamentuak 1986ko Euskararen Legea aldatzeko erabakia hartzen ez duen bitartean.
Euskaltzaindia (Komunikazioa eta Irudia)