Kataluniako Gobernuak 2017ko Sant Jordi Gurutzeak banatuko ditu laster, eta horietako bat Joan Martí i Castell filologarentzat izango da. Golardoa 1981ean ezarri zuen Gobernuak, Kataluniaren alde egin dutenen esfortzuak saritu nahian. Horrez gain, Bartzelonako Reial Acadèmia de Bones Lletres-eko kide izendatu berri dute Martí i Castell.
Pozik agertu da katedraduna, aspaldian jasotako onespen eta sariekin. "Ohore izugarria da niretzat Reial Acadèmia de Bones Lletres-eko partaide izatea -aitortu dio Plazaberriri filologoak-, aspaldikotasun nabarmena duen korporazioa, filologia eta historia ikertzen ahalegintzen dena. Zentzu honetan, Anoni M. Badia i Margarit-en hutsunea beteko dut; Badia nire maisu nagusia izan da, eta, neurri handi batean, berari zor diot nire hizkuntzalari eta filologo formakuntza. Gizatasun handiko pertsona izan zen, beti gizartearen zerbitzura. Berak zuen XXXVI Domina jasoko dut nik orain. Horregatik, esker oneko sentitzen naiz, baina, era berean, handia da ardura, eta nire gogoa da Badiaren lana jarraitzeko aukera eman didaten guztiei hutsik ez egitea. Azkenik, izugarrizko poza daukat, nire jardun akademikoak hiru erakunde handi eta ospetsu besarkatzen dituelako jada: Eukaltzaindia, Institut d'Estudis Catalans; eta, orain, esandako RABLB. Nire nahia da gaur egungo gizartean ezagutza humanistikoak hedatzea, justu orain, hain beharrezkoak direnean eta XXI. mende honek hain kasu gutxi egiten dienean".
Andres Urrutia euskaltzainburuak aspalditik ezagutzen du Martí i Castell, eta nabarmendu du haren "katalan hizkuntza eta Kataluniako nortasuna bermatzearen aldeko gogoa eta asmoa", baina ez hori bakarrik. "Fomazio eta jakituria apartekoa bada ere, bere jarrera da aintzat hartzekoa. Elkarrizketarako irekia, elkar lanerako aukerak sustatzeko prest. Orain, Institut d´Estudis Catalans delako Secció Filòlogica-n egin duen, egiten eta egingo duen lan ohargarriaz kanpo, Reial Acadèmia de Bones LLetres-ek deitu du bere barnean ere lan egin dezan. Ohorea berarentzat baina ohore bera, ezbairik gabe, erakundearentzat. Lan emankorra opa diegu Euskal Herri honetatik bi-biei, akademiko berriari eta erakundeari, eta, zer esanik ez, hortxe dago, euren esku, gure laguntza eta adiskidetasuna", azpimarratu du Urrutiak.