Andereak eta jaunak,
Egun on.
Emazte edo gizon baten konplexutasuna laburtzeak zentzu handirik ez du. Bizi baten gorabeherak, ekintzak, lanak, karguak, pasioak, gogoetak aipatzea luzeegi litzateke.
Jean-Louis Davanten kasuan, euskalduna eta zuberotarra, intelektuala, euskal idazle emankorra, pastoral idazlea, historialaria, agronomia irakaslea, euskara irakaslea, euskaltzain ernea, itzultzailea, alor anitzetan artikulu egilea, abertzale zintzoa, fededun fidela, langile nekaezina, senarra, aita, aitañia beharko nituzke azaldu, besteak beste.
Hamar minutu baizik ez baititut, euskalduna, euskaltzalea, euskalaria eta euskaltzaina aipatuko ditut.
Sortzez, Jean-Louis zuberotarra da. Harentzat, Zuberoako euskalkia ama-hizkuntza izan da. Kontatzen du: “Haurtzaro zoriontsua bizi izan dut etxondoan, sorterriko Larrabile auzunean. Euskaraz mintzo ginen beti familian eta herrian. Frantsesez ikasten hasi nintzen sei urteetan, herriko eskola publikoan sartu nintzelarik, ene lagun guziak bezala”.
Eta bere bizi osoan anitz ekarri dio zubererari, zubereraren sustatzaileetarik jakintsu bat izanez. Honela, hamar pastoralen idazlea da eta horietarik zortzi emanik izan dira, azkena René Cassin delarik, Sohüta herriak 2013an eman zuena. Eta beste bat badu bidean, laster emanik izanen dena.
Poesia ere landu du zubereraz edo euskara batuaz, eta artikulu anitz idatzi ditu alor ezberdinetan, zientzia, kultura, politika aldizkaritan eta prentsan. Ez dut hemen aldizkari horien lista emanen; hogeita hamabi zerrendatu ditut. Aipa dezadan, adibidez, hilabetero Zuberoako parrokiako Autour du clocher - Zeinützülia berripaperean zubereraz idazten duen testua, 1992. urteaz geroztik. Hau da leialtasuna.
Jean-Louis, euskaltzain emeritua da orain. 1965ean euskaltzain urgazle izendatua izan zen Piarres Lafitteri esker, eta euskaltzain oso 1975ean, Guillaume Epherreren ondotik zubereraren ordezkaria bilakatuz.
Baina zubereraren sostengatzaile jakintsu eta ernea bada ere, Jean-Louis euskara batuaren sortzaileetarik bat da, eta hori ez da, behar bada, aski azpimarratua. Horretan ez da kontraerranik. Haren ustez, euskalkiek euskara batua hazten dute, eta bata zein besteak beharrezkoak dira euskara biziarazteko. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko lantaldearen aholkularia da eta, bistan da, Euskaltzaindiaren Hiztegian zubereraren eta Iparraldeko hizkeren presentzia zaintzen du. Horri buruz, jakin ezazue iaz Euskaltzaindiak publikatu duen Euskaltzaindiaren Hiztegiaren bigarren edizioan, 37 hitz badirela Zub. laburdurarekin (Zuberera), 56 Lap. laburdurarekin (Lapurtera), 46 BNaf. laburdurarekin (Behe-nafarrera) eta 2.716 hitz Ipar. laburdurarekin (Iparraldea). Beraz hiztegi horretako 37.884 sarreretarik 2.855 Iparraldekoak dira, %7,5. Erran gabe doa beste hitz anitz komunak direla Euskal Herri osoan.
Ikus dezagun orain Jean-Louisek nola euskararen historia luzean parte-hartu duen, euskara batuari urrats erabakigarriak eginaraziz. 1963an gaude. Baionako Euskal Idazkaritza elkarteak Cordeliers karrikan alokatzen duen egoitzan, lantalde bat biltzen da erregularki Jean-Louis eta Txillardegirekin, besteak beste. Lanaren helburua da euskara idatziaren batasunari bidea irekitzea, ortografia arau orokor batzuk proposatuz. Hitz zenbaiten ortografia lantzen dute, izen zenbaiten deklinabidea eta aditz laguntzaileen jokaeraren zati txiki bat. 1964ko agorrilaren 29-30eko biltzarrean, Baionan, Euskal Idazkaritzaren proposamenak aurkeztuak dira, Piarres Lafitte euskaltzainaren zuzendaritzapean. Jean-Louisek irekitze mintzaldia egiten du.
Onartua izan zen txostenaren aitzinsolasean, hori irakur daiteke: “Batasunari buruz, euskaltzale guziei erabaki hauek betetzen hasteko eskatzen diegu, eta bereziki Euskaltzaindiari egiten diogu dei bat, bere aipamen guziaz gure erabaki hauek aztertu ondoren onar ditzan”. Euskararen batasunean Euskaltzaindiak zer paper erabakigarria izan lezakeen bazekiten. Eta hau da 1968an gertatu zena. Zati hori ezagutuagoa da. 1968an, euskarak ere bere iraultza egin zuen!
Euskaltzaindia urrian bildu zen Arantzazun eta Baionako erabakiak ontzat eman zituen. Batasunaren aldeko eta kontrakoen artean eztabaidak anitz eta beroak izan ziren. Baina aldekoek irabazi zuten eta Koldo Mitxelenaren erranaldi famatua, “Ezin-bestekoa, hil edo bizikoa, dela uste dugu euskera batasun bidean jartzea…” , gogoetan egon da. Halaber, Manuel Lekuonak, orduko euskaltzainburuak, biltzarraren irekitzeko “Euskeraren batasuna” aitzin-solasean, hori erran zuen: “Euskera batutzea ez da panazea bat euskeraren problema guztientzako. Euskera batutzea, euskeraz errezago eta ugariago mintzatzeko da. Bañan batu ta guzti, guk mintzatzen ez badegu, berdin berdin hilko zaigu” (Euskera, 1968, XIII: 141).
1968ko biltzar horrez geroz, euskararen batasunak bere bidea egin du, euskara batuaren garapenarekin. Ageri da Jean-Louis Davant zuberotarrak bere harria ekarri diola euskararen batasun horri.
Bukatzeko, Jean-Louisen beste aipamen bat egin nahi nuke. Horretan, abertzaletasuna eta euskaltzaletasuna nola orain ikusten dituen agertzen da: “Denbora batez pentsu nuen abertzale izatea euskaltzale izatea baino garrantzitsuago zela. Orain alderantzizkoa zuzenago iduri zait. Euskal politika beharrezkoa da naski, baina mirakulurik ez du egiten, eta gainera zerbitzari egon behar du, oinarrien zaintzale, gure oinarri nagusia euskara delarik: euskaldun egiten gaitu, populu eta nazio egiten gaitu”.
Jean-Louisen ibilbidea ez da hemen bururatzen. Hau da erraten diguna (barkatu, zuk ere zure hitzaldian hori erran nahi baldin bazenu): “Oraino ongi nago buruz ere, beraz hitzematen dizuet ene sailean ariko naizela ahal dukedano, euskararen eta euskal kulturaren zerbitzuko, Euskal Herriaren eta euskaldunen alde”.
Orduan bai, Jean-Louis, eskerrik asko, eskerrik hanitx, egin duzun lanaz eta bai ere eginen duzunaz.
Davant, euskaltzain ernea
Larunbatean, Jean-Louis Davantek Eusko Ikaskuntzaren 2016ko Manuel Lekuona Saria jaso zuen, Ürrüstoi-Larrabilen. Momentuz, Ipar Euskal Herriko sei lagunek jaso dute sari hau.
Ekitaldian, mahaiburu izan ziren Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsoro; EIren Ipar Euskal Herriko lehendakariordea, Jean-Michel Larrasquet; Ürrüstoi-Larrabileko alkate Allande Davant; eta Battitu Coyos euskaltzaina, kaleratu berri den Davanten bio-bibliografiaren egilea.
Coyosek bertan irakurri zuen gorazarre testua osorik transkribatzen dugu, ondoren.
Idatzi iruzkina